GARA
EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA

Sei aizkolari, finalerako prest

Lakuntzan jokatu zen asteburuan Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren sailkapen proba, eta azkenean hamaika izan ziren parte hartu zuten kirolariak –Ugaitz Mugerzak ez zuen parte hartzerik izan, azken boladan ondoezik dabilelako–.

Kana-erdiko bi enbor, 60 ontzako beste bi eta oinbiko parea moztea izan zen egin beharreko lana, eta sailkapena honela gelditu zen: Iker Vicente izan zen azkarrena (20:35), eta jarraian Mikel Larrañaga (20:47), Aitzol Atutxa (21:17), Joseba Otaegi (22:26), Eneko Otaño (22:31) eta Iñaki Azurmendi (23:00). Sei horiek finalerako txartela eskuratu zuten. Atzetik, kanpoan geratu ziren Jon Rekondo (23:12), Ruben Saralegi (23:38), Julen Alberdi (23:40), Jon Irazu (28:33) eta Xabier Zaldua (29:28).

Desafio handia abendurako

Donezteben lau kirolari indartsu bildu berri dira: Ousman Brame eta Oskar Perez bizkaitarrak eta Xabier Urrutia eta Alex Fernandez nafarrak. Bi bikote hauek indarrak neurtu nahi dituzte eta horretarako lau probako desafioa osatu dute. Txanda librean egin beharrekoak hauexek: 70 kiloko txingak esku banatan hartuta 20 plaza edo untze egitea, 80 kiloko harri borobila 80 aldiz jasotzea, 50 kiloko burdin barra 50 aldiz jasotzea, eta trontzarekin 15 epai ematea kana-erdiko enborrari. Hitzordua abenduaren 22rako ipini dute, 18.00etan –lekua erabaki gabe dago–, eta 3.000 euro egongo dira jokoan.