Ilunetan, bai ala bai
Gizakia muturreko egoerara eramateko hautua egin du Claire Denisek «High Life» filmean eta sentipen horiei argazkia ateratzeaz gain, uzten dituzten ondorioak mahai gainean jarri ditu. Sakontasunezko lana sinatu du zuzendari frantsesak Juliette Binoche eta Robert Pattinson protagonista nagusitzat hartuta.

Astronauten inguruko film bat irudi lezake Claire Denisek lehia ofizialean aurkeztu duen lanak. Badu zientziatik, baita espaziotik ere, baina NASAtik kanpo egindako esperimentuari bide ematea erabaki du. Gizartean baztertuta bizi den jendea hartu du esperimentazio lagin; gehienak heriotzaren korridorean heriotzara kondenatutako presoak. Bakoitza bere historia propioarekin. Heriotza ala esperimentua? Zer nahiago luke bata zein bestea hautatuta ilunean bizitzera kondenatua dagoen norbaitek?
Bazterketa sozialetik ateratzeko aukera litzateke pizgarri nagusia, edo, agian, historia egiteko aukera. Izan ere, espazio-ontzi horretako bidaian parte hartzen duten gizon-emakumeak, Eguzki Sistema zeharkatu eta, antza, oraindik deskubritu gabeko espazioetarantz abiatuko dira. Ez dute, gainera, Lurrera itzultzeko aukerarik izango.
Juliette Binoche eta Robert Pattinson aktore ezagunek burutzen dute taldea. Biak kriminal ohiak. Binoche ontzian doan mediku bakarra izango da, eta Lurretik milioika kilometrora, espazio erdian, haur bat jaioaraztea izango du obsesio. Emakumeen gorputza baliatuko du intseminatuak izan ahal izateko eta gizonen semena baliatu lasaigarrien truke. Azkenean, bere helburua lortuko du, baina bide horretan muturreko egoerak biziko dituzte tripulazioko kide guztiek. Irtenbiderik gabeko heriotza izango da guztien gertuko etorkizuna. Baita bakarrik biziraun beharko duten haurrarena eta bere aitarena ere (Pattinson).
«Buruan aspaldian izan dudan istorio zahar bat da. Gizonezko bat bakarrik espazioan, Lurretik urrun, Eguzki Sistematik urrun eta ez daukana inolako itxaropenik berriro Lurrera itzultzeko. Bertako kide guztiak hilda daude eta bera bakarrik dago haur batekin. Batetik ezin da hil, haurra ezin baitu bakarrik utzi eta, beraz, erantzukizun bat du bere gain, ordura arte inolako ardurarik izan ez duenean. Bat-batean bere bizitza goitik behera aldatzen da, haur hori emakume bihurtzen den arte», azaldu zuen Denisek.
Ontziak espetxea dirudi une askotan. «Atxilo daude, preso baleude bezala. Konbiktoak dira eta heriotzara kondenatuta daude. Heriotzaren korridorera joaten bagara ikusiko dugu nola han daudenek sufritu egiten duten, beren bizialdia minutuz minutu bizi dutelako. Ez dute etorkizunik. Talde honetan, bestetik, ausartak ere badira, saiatzen dira egunerokotasun horretan onena egiten», azaldu zuen.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
