Euskal baladetan emakumeaz eman den irudia, aztergai
Jabier Kalzakorta filologoak hitzaldi bat emango du bihar Iruñeko Kondestable Civivoxean, emakumeak euskal baladetan izan duen tokia hizpide hartuta. 19.30etik aitzina aurkeztuko da «Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa liburua», eta sarrera doakoa da.
Emakumearen figura euskal baladetan; horra bihar Iruñeko Kondestable Civivoxean emango den hitzaldiaren ardatza. Hizlaria Jabier Kalzakorta filologoa izango da, gai horretan aditua, eta agerraldi hori baliatuko du berriki argitaratu den “Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa” liburua aurkezteko. Saioa 19.30ean hasiko da, eta sarrera librea da. Nafar Ateneoak antolatu du, eta elkarte horretako euskal kultura arloko kide Josu Jimenez arituko da aurkezle lanetan.
Iruñeko Udaletik nabarmendu dutenez, emakumeek protagonismo nabaria dute euskal balada edo erromantzeetan: «Nekez topa daiteke emakumerik ez duen baladarik. Askotan bat baino gehiago ageri dira, eta rol desberdinak hartzen dituzte». Horrela, gauzatzen dituzten rolak, adierazteko moduak eta baladetan emakumeei buruzko zein ikuspegiri heltzen zaion aztertuko ditu hitzaldiak. Balada desberdinetako adibideak izango dira aztergai, XV. mendeko “Basterretxe”-tik hasi eta XIX. mendeko “Zaldiak eder zela”-raino. Hori guztia Kalzakortak bihar aurkeztuko duen lanean jasota dago.
Baladak edo erromantzeak poema narratiboak dira, bertso formatuan ohiz kanpoko gertakariak kontatzen dituztenak. «Euskal literaturan perla handiak daude, eta adituen ustetan aberastasun hori are handiagoa izan zen, baina ez da gurera iritsi», zehaztu dute. Aipatu bezala Kalzakortak “Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa” argitaratu berri du, bi liburukitan. Lan horretan euskal baladen ia corpus osoa aztertzen du, guztira 100 bat balada aztertu eta bildu baititu; horietako batzuk ezagunak dira, eta beste batzuk berak topatu eta berreskuratu ditu, egindako bilaketa sistematikoaren bidez.
«Ezbairik gabe, egilea euskal ahozko literaturari buruz gehien dakien pertsonetako bat da uneotan, eta jakin du Antonio Zavala ahaztezinaren bideari jarraitzen, nabarmendu dute Iruñeko Udaletik.
Kalzakortak jatorrizko dokumentuetara jo du liburua osatzeko, kanta horien lehenbiziko transkripzioetara, ahozko narrazio-bertso hauen antologia osatu ahal izateko. Goxo zein tragiko, beti biziak diren piezak bildu ditu 1.500 orrialdez osatutako bi liburukietan, zeintzuetan baladen indar poetikoa, testu horiek gordeta duten xarma, jasotzen saiatu den. Horren guztiaren berri emango du bihar, Iruñean egingo duen agerraldian.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
