Arrakasta
Noiz erosiko zion semeak Mercedes autoa, hori zen gure aita zenarentzat arrakasta. Neuk ez daukat hain garbi (eta hura bezain materialista naizela esango nuke), ziurrenik, zientzia-fikzioaren pareko zerbait delako hori, gorabeherez betetako ibilbide luze, baina ez oso... adjektibo bat falta zait... arrakastatsuan! Aitortu beharra daukat, beraz, oso kontzeptu ezezaguna gertatzen zaidala, arrotz eta misteriotsua. Utzi, ordea, hipotesi batzuk egiten ene ezjakintasunetik.
Ziur dakidana hauxe da, aitak ez zuela, sekula, Mercedesik gidatu, beraz, suposa daiteke neuk ez dudala arrakasta handirik eduki, edo ekologista naizela, edo xuhur hutsa, edo okerrago, arrakastarik gabeko artista, ekologista eta xuhurra.
Loteria irabazi zuen gizonak. Bazuen, nolanahi ere, Volkswagen poloarekin konformatzea. Aitaren autoarena baino lehenago, ordea, iltzatu zitzaidan kaskoan beste hau, nerabe teleadikto hunkibera nintzen artean; «ospea oso gauza garestia da eta izerdiarekin ordaindu beharra dago». Egia borobila artista pobre batentzat. Gaur egungo gazte neurotikoei jarriko nieke “Fame” telesaila, lehen ataletik azkenera, Amatulo eta Leeroyren ibilerekin ikas zezaten zerbait.
Moralina apur bat; ospea eta arrakasta, agian, sinonimoak dira, baina ez dute zertan hala gertatu. Beste modu batera esanda; zertarako nahiko zuen gure aitak izerdi kiratsa, inolaz ere, kendu ezin zitzaion Mercedes bat? Agian, hobe, Farias usaina zerion polo gorri hura. Zergatik? Horrelakoa delako mitologia proletarioa.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
