Idoia ERASO

NAPOLEONEK SUNTSITU ZUEN EUSKAL HERRIA OROITZEN

«1813-1814 Euskal Herria Napoleonen tropek suntsitua» oroitarria inauguratuko dute astelehenean Saran. Lapurdi 1609 elkartearen eskutik, herri mugimenduek erakundeekin bat egin dute, eta ekitaldian denen parte hartzea izanen da, Pirinioen bi aldeetatik.

Ondoan dugun oroitarria izan dadila euskal populuak azal eta hezurretan jasan zuenaren lekuko»; hitz horiek irakurriko dira, lau hizkuntzatan, astelehenean ezagutaraziko den oroitarriaren ondoan. Obran berean «Gerra napoleonikoek Euskal Herrian utzi zuten miseria» azaltzen duen testua izanen da. Obra hau eta horren aurkezpen ekitaldia elkarlanaren fruitua dira; Lapurdi 1609 elkartearekin lankidetzan aritu dira Idazleen Biltzarra eta Sarako Herriko Etxea; azken honek hartu du bere gain obraren finantzamenduaren %100a.

«Harrigarria eta kontsolagarria da herriko etxe batek onartu eta laguntzea diruz; hemen dena Napoleonen ohorez egiten baita», baieztatu du elkarteko kide Ibai Telletxeak. Beste hainbat erakunderen sostengua ere lortu du ekimenak, eta horren adierazgarri izanen dira bertaratuko diren ordezkariak. Euskal Elkargoko presidente Jean-Rene Etchegarayk bertan izanen dela baieztatu du, Udalbiltzako ordezkaritza bat izanen da, baita beste herri batzuetako hautetsi eta auzapezak ere.

Napoleon Frantziar Inperioaren bultzatzaile gisara, Estatu frantsesean oroitua eta omendua da. Horren isla dira lurralde guztian zehar (baita Baionan ere) ezarriak diren oroitarriak. Aldiz, Euskal Herrira ohorerik ez zuen ekarri, suntsipena baizik. Hori kontuan izanik, memoria historikoa berreskuratzeko lanean, euskal ikuspegia agerrarazi nahi du Lapurdi 1609 elkarteak. «Bere historia kontatzen ez duen herria hiltzera kondenatua baita, gure eginbeharra da bizi izan duguna eta ezagutzen duguna kontatzea», nabarmendu du Telletxeak.

Kide ere baden Xabier Elosegik, bere aldetik, gogora ekarri du ahantzi behar ez dena: «Lana egina da oroitzeko bi armada handien ondorioez; Euskal Herritik pasatu zirelarik, xehatua gelditu zen, jende anitz hil zen, eta ez gerlagatik, baizik eta gosez edota miseriagatik. Lapurdi hegoaldeko herri batzuetan heriotza tasa bikoiztu egin zen». Elkarteko menbruek azaldu dutenez, ebatsi egiten zuten, etxe askotako leiho eta ateak erretzen zituzten berotzeko, zaldiak pasata ez zen ezer gelditzen jateko... eta horren ondorioz jende anitz hil zen: «Napoleonen armadak Gasteizen jaso zuen zafraldia eta gero, gibelka ari zen, eta ondotik etortzen ziren ‘aliatuak’: ingelesak, portugesak eta espainolak».

Lapurdin “lagun” zuten Napoleonen armada Wellingtongo dukeak gidatutakoa baino okerragoa izan zela salatu du Elosegik: «Bi armadek egin zizkioten jendeari egin behar ez zizkioten gauzak, baina anitz gehiago izan ziren Napoleonen armadak eginiko kalteak. Gauzak xehatu zituzten, jendea bortxatu... Eta egiten zituzten gastuak kentzen zizkieten herriei, erranez gero pagatuak izanen zirela, baina ez zen sekula pagatu».

Liburua

“1813-1814 Euskal Herria xirtxikatua” liburua atera zuen elkarteak 2014an, eta orain, berrargitaratu egin dute. Bigarren edizio honetan 30 orrialde gehiago daude, geroztik bildu duten informazio berriarekin: «Gauzarik hoberena gehitzen da; garai horretako dokumentuak agertzen dira». Elosegik jakinarazi du Battitt Larzabal historialariak bilduriko dokumentuetan urte horietan eta ondoren ere gertatutakoa ezagut daitekeela: «Hemengo prefeta zen Charles-Achille de Vanssay armadari kexatu zitzaion, erranez herria sufritzen ari zela haien pasaiaren ondotik. Erakusten du hemengo auzapezek frantses armada etsaitzat zutela, hainbeste astakeria egin baitzituzten pasaian». Liburuaren idazleetako batek, Mizel Mendiburuk, egunean berean ondoan ospatuko den Idazleen Biltzarrean aurkeztuko du obra berritua, 10.30ean.

Nestor basterretxeak egin zuen 1609an hil zituzten sorginen omenezko lehen oroitarria

Saran astelehenean ezarriko den oroitarria Lapurdi 1609 elkartearen eskutik ezarriko den bigarrena da. Elkartearen izeneko zifrak agertzen duen bezala, berau duela lau mende eta hamar urte Lapurdiko emakumeen kontra izan ziren gertakari lazgarriak oroitzeko sortu zen, eta bide horretan Senperen oroitarria ezarri zuten 2010ean, sorginen kontrako epaiketak egin ziren gazteluaren aitzinean.

Nestor Basterretxeak sortu zuen metalezko eskultura, eta Jean Mixel Bedaxagar arotzak egin zuen. Eskultoreak lana doan egin zuen, eta materiala eta muntaketa Senpereko Herriko Etxeak finantzatu zuen; orduan ere elkarteak memoria berreskuratzeko lanean erakundeek parte hartzea lortu zuen.

Senpere, Sara, Donibane Lohizune, Uztaritze, Azkaine, Hazparne, Urruña eta Baionan gertatu ziren erailketak, Pierre de Lancre Bordeletik Lapurdira “sorginkeriarekin bukatzera” etorri zelarik. Horren ondorioz 50 eta 100 pertsona artean hil ziren, eta gehienak emakumeak izan baziren ere, haur eta gizonak ere akabatu zituzten. Gertakari horiek izua sortu zuten, eta ondorioz jende askok ihes egin zuen. Gaiaren inguruan ziren sineskeriak argitzeko ere sortu zen elkartea.I.E.