Garazi CASTAÑO
DONOSTIA
Entrevista
JARE RODRIGUEZ ZABALA
Ikerlaria

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»

Zetak musika taldearen «Mitoaroa» ikuskizunaren inguruan sortu diren diskurtsoak aztertuko ditu Jare Rodriguezek Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Sortu diren mezuen eta horien arteko talken sakonean galdera potolo bat ikusten du: «Zer da euskal kultur eragiletzak behar duena?». Nork, zer eta non esan duen aztertuko du, diskurtso horien eragina ulertzeko.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Mondragon Unibertsitatean Humanitate Digital Globalak gradua ikasi ostean, Euskal Kulturaren Eragiletzarako Masterreko ikasketetan murgildua dabil Jare Rodriguez Zabala (Ondarroa, 2003). Datozen hilabeteetan, ikasketak ikerketarekin uztartuko ditu. Eusko Ikaskuntzak, zortzi unibertsitaterekin batera, Ikerketa Sustatzeko eta Babesteko Programaren bigarren deialdia antolatu du. Hautatutako hiru proposamenetako bat da berea. Zetak taldearen “Mitoaroa” ikuskizunaren bueltan sortu diren diskurtsoen eta horien eraikuntzaren analisia egingo du.

Bost hilabeteko tartea izango du hemeroteka lana egin eta diskurtso horien azterketa egiteko. Metodo induktiboa eta deduktiboa uztartuko ditu horretarako. Ez dio Zetak taldearen jardun osoari erreparatuko, ulertzen baitu taldeak bestelako egitasmoak egiten dituela eta “Mitoaroa”-tik aparte «beste lan handi bat» dagoela. “Mitoaroa” hartuko du ardatz, ikuskizunak ordezkatzen duen eredu merkantilizatua kontuan izanik. Asko hitz egin da eta hitz egiten ari da “Mitoaroa”-z. 2025eko urtarril eta iraileko ikuskizunak gertatu eta hurrengo bost egunetan hedabideetan argitaratutako adierazpen eta iruzkinak aztertuko ditu. Ekainean, bi egunez jarraian “Mitoaroa”-k San Mames hartuko duen garai berean, amaituko du bere lana.

Has gaitezen oinarriak finkatzen. Zertaz ari gara zehazki kulturaren eragiletzaz ari garenean?

Euskal kulturak, gure kulturak, gutxitua den heinean, beti izan du eragile izateko edo kultura horren alde egiteko premia eta kontzientzia. Hamarkadaz hamarkada eragiletza hori momentuko erronkei erantzuten joan da. Esango nuke master hau eta eragiletza honi emateko beharra badatorrela orain dela 60 bat urte egon zen pizkunde edo loraldi horren ajeak edo nekeak sumatzen hasi garen honetan. Hain zuzen ere, kultur eragiletzarako bide berrien inguruan hausnartzen gabiltzanean. Nik hortxe kokatuko nuke ikerketa.

BEC etengabe betetzen ari den garaiotan, zergatik aukeratu duzu «Mitoaroa»?

Esango nuke azkenengo urte eta pikoan “Mitoaroa”-k zerbaitetarako eman badu izan dela momentu honetan euskal kulturgintzan dauden eztabaida asko eta asko zabaltzeko edo horiei jarraipena emateko. BEC behin eta berriz bete den honetan, beste kontzertu edo ikuskizun batzuen aldean, “Mitoaroa”-k euskal mundu tradizionaletik edateko joera izan du. Eta esango nuke lotura horiek jendearengan sortu dituzten hausnarketek eragina izan dutela diskurtso horiek sortzerako orduan. Kontzientzia hori nolabait mugitu egin du Mitoaroak, beste batzuen aldean. Horrez gain, gehiago hitz egin da “Mitoaroa”-ri buruz beste ikuskizun batzuez baino, eta bada ikuskizun bat oraintxe bertan euskal musikagintzak dituen abagune edo galdegai horiek bete-betean islatzen dituena.

Zeintzuk dira «Mitoaroa»-k agerian utzi dituen eztabaida edo galdera horiek?

Egia da betikoak direla, baina, era berean, gaurkotasunera ekarri ditu. Zein da kultura ulertzeko eduki beharreko modua? Komeni al zaigu sold out kultura? Zer da euskal kulturak momentu honetan behar duena? Zein logikatik planteatu behar dira etorkizuneko estrategiak? Nik uste hor kontraesan asko ditugula gure artean baina badela sasoia kontraesan horiei nolabaiteko aterabide bat emateko, momentuak eskatzen duen urgentzia dela eta. Zer da gaur-gaurkoz behar duguna? Sold out-aren kultura hori edo beste zerbait da? Erreferenteak behar ditugu, baina nolakoak? Euskal komunitatearen parte diren pertsonek zein parte hartze eta zein paper jokatu behar dute euskal kulturgintzaren norabide horretan? Hauek dira une honetan esku artean ditugun galderak.

Diozunez, hil ala biziko posiziotik garatzen dira kulturaren eragiletzarako estrategiak gurean. «Mitoaroa»-n identifikatu duzu erresistentziatik edo posizio horretatik egindako mezurik?

Bai, halako asko identifikatu daitezke. Argiena, euskararena, hizkuntza ez hegemoniko horren lekua gizartean esleitzearen aldeko mezua. Hemen kontua da behatzea ikuskizun honen bitartez zabaltzen diren diskurtsoek zein bilakaera hartzen duten. Zein ibilbide egiten duten kasu honetan Pello Reparazen ahotik entzuleen belarrietaraino.

Eta ibilbide horretan, informazio horren joan-etorri horretan, zein informazio galdu eta zein irabazten den, zein elementu berri sartzen diren aztertzea da gakoa kasu honetan.

Kohesio sozialaz ari garenean, zein garrantzi dute espresio kulturalek?

Garrantzi handia dute. Hasteko eta behin, komunitategintza horretan musika elementu zentrala delako kultura guztietan. Gainera, oinarri-oinarrizko elementu bihurtzen da, garrantzi berezikoa gurea bezalako kultura gutxituetan. Kantatzen duen herri bat ez dela inoiz hilko ez da alferrik esaten. Eta, ildo horretan, musikagintzatik halako espazio partekatuak sortzeak, sortzen den giro horrek, norbanako moduan eta kolektibo bateko parte garen heinean, zentzua ematen digu eta, aldi berean, arnasa ematen digu gure eragiletzan jarraitzeko. Beraz, komunitate bati begira eta komunitate horren mesedetan, egiten den edozein eratako ekimenak ekarpen handia egiten du.

Seinale ona da proiektu musikal bakar batek halako eragiteko gaitasuna izatea?

Esango nuke sakonean dagoen gakoetako bat dela kultura nola ulertzen dugun. Nor da kulturgilea? Edo terminologia kapitalistaren barnean esaten dugun moduan, zein da sortzailea? Nor da kultura hori bizitzen, egiten eta egunerokoan erreproduzitzen duena? Kulturgiletzat soilik hartzen baditugu erreferente diren horiek, eta euskal gizarte edo euskal komunitate horren parte diren beste guztiek betetzen duten papera mugatzen bada ikuskizun batera joan, txalo egin eta modu pasibo batean egon ostean gure etxeetara bueltatzea, hor hutsune handia dago komunitate hori sortzeko eta biziberritzeko gaitasunean. Eta epe luzean igarriko da.

Hain zuzen ere, indibidualismoak hain gogor jo duen belaunaldi honetan ez dut uste seinale ona denik. Egia da, noski, alde batetik, erreferente horiek existitzea komeni dela. Baina beste alde batetik, erreferente horietatik at, bakoitzak bere ekarpena egin eta komunitatearekin partekatu dezan beste heldulekurik ez badago, arreta jarri beharrekoa dela uste dut. Gakoa da gure biziraupena bermatzeari begiratzea eta, ildo horretan, gure estrategiek horra begira egon beharko luketela uste dut.

Kultura sortzea ez delako produktuak sortzea bakarrik; askoz konplexuagoa da: gure tradizioetatik behin eta berriz eratortzen den aldaketa da. Jasotzen duguna geure egin eta geuretik ematea. Eta hori denok egiten dugu. Eta hori sustatzeko baliabideak sozializatu behar dira. Ostera, kultur sorkuntza saldu eta eros daitekeenari mugatua ulertzen badugu, beste dimentsio horiek kanpoan utziko baititugu. Eta baliabideen jabe direnak soilik izendatuko ditugu kultur sortzaile. Bereizketa horretan ere badago asko lantzeko, eta esango nuke, hortik abiatuta, gure etorkizunerako hausnarketa asko eta asko erator daitezkeela.

Ikerketaren helburu nagusia «Mitoaroa»-ren inguruan nork, zer eta zein bidetatik esan duen ikustea da. Hori aztertzeak zertan lagundu dezake?

Alde batetik, jakin ahal izango dugu zeinek duen horretarako baliabideak erabiltzeko ahalmena. Eta bestetik, diskurtso ororen atzean mundu ikuskera bat dago, errealitate bat ulertzeko era bat. Ildo horretan, euskal kultur eragiletza ulertzeko, proposatzeko eta irudikatzeko era bat transmititzen da. Diskurtso oro ideologikoa delako. Kasu honetan, diskurtso bakoitzak “Mitoaroa”-ren inguruko interpretazio bat du. Ematen zaion birsignifikazio horren mapa bat eginda, jakin ahal izango dugu diskurtso horiek zein mundu ikuskeratik eginak dauden, eta beraz, euskal kultur eragiletza egiteko proposamen bakoitzetik zer den proposatzen dena. Eztabaida horretan sakondu ahal izango dut.

Uste duzu ahots batzuei toki gehiago eman zaiela «Mitoaroa»-ren kasuan?

Tokia baino, kontua da ahots batzuek berekin dakartela errealitatearen errepresentatzailearen rol hori; beste era batera esanda, gizarteak egia sortzeko zilegitasuna ematen diela ahots konkretu batzuei. Ildo horretan, diskurtso horiek edo ahots horiek zabaltzen dituzten mezuek hedapen eta oihartzun handiagoa dute. Nire ustez interesgarria dena da behatzea zein baliabidetatik zabaltzen diren. Eta noski, zeinek duen baliabide horiek maneiatzeko ahalmena.