11/05/2019

Askatasunaz eta…
Xabier ETXANIZ ERLE
0511_kul_ataria

Ez da ohikoa gure artean 400 orrialdeko nobela bat gazteentzat, ez behintzat euskaraz sortua. Eta badirudi horrelako obratzarrek irakurlea beldurtu edo uxatu egin ohi dutela. Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak, baina, arin irakurtzen den nobela eskaini digu oraingo honetan eta, alde horretatik, irakurlea erraz barneratuko da idazle bizkaitarrak egin digun proposamenean.

“Atãria” nobelak baditu hainbat ezaugarri ezohiko obra egiten dutenak. Alde batetik, izenburuan bertan ageri den grafiak argi uzten digu “atari” hori ez dela ohikoa eta, hain zuzen, etorkizuneko gizarte bat gordetzen duen munduaz ari zaigu. Bestalde, lau gazte dira protagonista; laurek ez dute elkarren berri, nahiz eta institutu berean aritu, eta laurek dituzte ezaugarri berezi eta apartak. Horiengatik, horregatik izan dira aukeratuak etorkizunera salto egiteko.

Liburuaren egiturak, hainbat ataletako 73 azpiataletan banatuak, erritmo geldoan doan narrazioa ahalbidetzen du. Hasieran lau gazte protagonistak ezagutuko ditugu, bakoitzak dituen ezaugarri ezberdinekin (Saharako basamortutik hona etorri den neska zahoria, eraikuntzak egiten abilidadea duen mutiko bat, entzumena oso garatua duen mutil musikazalea eta, azkenik, Hiria adoptatutako neska), eta ezagutza horretan neska-mutikoak nolakoak diren eta beren bizitza nolakoa den ikusi ahal izango dugu, modu arinean, atal laburretan, batetik bestera salto eginez. Baina, irakurleak berehala ikusi ahal izango duen bezala, bada lau gazteak batzen dituen kontu bat. Sakelako telefonoan jaso duten mezua: «Hogei urtetik beherako gazteen artean hautatua izan zara. Zure ekarpena uste baino baliagarriagoa izango delakoan, moilan itxarongo zaitugu, goizeko hamaiketan», «sarrera nagusian itxarongo zaitu, goizeko hamaiketan», «institutu osteko eskaileretan…» eta lau gazteak, dei horri erantzunez, abentura ziragarrian sartuko dira.

Izan ere, zientzia fikziozko obra dugu hau; gure mundu honetara bertara egiten dute salto lau gazteek, baina denboran zehar berrogeita hamar urte geroagoko errealitate batera egiten dute jauzi. Gizarte horretan hizkuntza txikiak, oroimena, historia… ezabatu nahi dute Estatu Bakarraren aldekoek; eta horiei aurre egiteko oroimena, antzinako hizkuntzak, berreskuratzeko eraman dituzte lau gazteak gobernu diktatorialaren kontra ari diren ezkutuko pertsonek. Gazteak behar baitituzte aske izateko, askatasuna berreskuratzeko: «-Eta, oroimenak elikatzen gaituenez (…) zenbat eta memoria aberatsagoa izan, orduan eta iritzi propio landuagoak eratzeko modu hobea izango dugu, kanpoko informazioa norberak daukanarekin alderatzeko aukera daukagulako». Hots, gaur egun ere gertatzen den bezala, jendea maneiatzea askoz errazagoa dela hauek desinformatuta daudenean. Eta horregatik memoria indartu behar da, oroimena, iragana ezagutu… aurrera egiteko: «Memoria ahultzean erresistentziarako ahalmena ere murriztu egiten zaigu eta, ondorioz, manipulagarri bilakatzen gara».

Garbi dago Yolanda Arrietak proposaturiko istorioa etorkizunean gertatzen dela, zientzia fikzioa dela alegia, baina era berean genero horren tradizioarekin bat egiten du fikzio hori gaur egungo errealitatea eta gizartea hobeto ezagutzeko erabiltzen duenean.

Interesgarriak dira, gizarte hobe baten bila edo diktaduraren eta uniformizazioaren kontra proposatzen diren ereduak (Ume galduak, horien eskoletan parte hartzen duten langileak…), baina hori baino interesgarriagoa da liburuan, zeharka bada ere, egiten den proposamena norberaren izaera, hizkera, nortasuna defendatze aldera.

Lau gazte protagonistek bi errealitate bizi dituzte, “Atãria” eta, geroago, aurretik etorkizunean bizi izan dutena gogoratzen ez duten orainaldia. Eta hemen ere, gazteen bizitzari, familiari, maitasunari, harremanei eta beste hamaika konturi erreparatzen dio egileak, irakurleak saltoka, jauzika, denboran eta kapitulutan, disfruta dezan, une atsegina igaro dezan.