26/05/2019

«Musiheska», euskal presoen musika plazaratu duen diskoa

Lannemezango presondegian 2018an grabatutako diskoa da «Musiheska». Mixel Etxekoparren gidaritzapean, bertan preso dauden hainbat pertsonak hartu dute parte, hitzak eta doinuak sortzen bezala, kantatuz eta musika joz. Testigantzak kantuekin tartekatzen dira.

Idoia ERASO|BAIONA
0526_kul_musiheska

Musika ihes, “Musiheska”. Proiektuaren arduraduna den Mixel Etxekoparrek diskoa begiak itxita audio film bat bezala entzutera gonbidatzen du. Obraren egiturak lagundu egiten du horretan, kantuen artean testigantzak tartekatuz. Sortzaile, esatari eta musikari ari diren presoen bitartez kartzelako bizitza ulertu eta sentitzeko atea izan nahi du. «Paretak botatzea ez da posible, baina paretatik zerbait ateratzea bai, musika. Bide bat ere bada, sartzeko amiñi bat kartzelan», azaldu du.

«Badira hamabost kantu, gure helburua zen, eta presondegiko zuzendaritzarekin hitzartua zen, grabatzea kantuak eta aldi berean presondegiko mugimendua agertzea. Bide horretan, sartze momentua da lehen doinua, eta ateratzea da azkena», azaldu du musikariak. Familiak ere presente dira testigatzen bitartez.

Hamahiru urte dira musikari zuberotarrak ikastaroak ematen dituela Lannemezanen. Elkarrekin partekatzen zuten tailerretan, presoek beti besteen kantuak jotzen zituztela ikusita, beraiek ere idaztera bultzatu zituen: «Badute zerbait errateko, eta musika ikastaldietan asmatzea posible zen. Hiruzpalau lotu ziren, gehienik Didier Agerre eta Vincent Gilles. Iñaki Esparza nafarrak ere kantu bat egin zuen».

Parte hartzaile gehienak euskal preso politikoak dira. Agerrek eta Gillesek seina kantu konposatu dituzte, eta bana Esparzak eta Patrick Perrochon preso ohiak. Partaidetza beste bide batzuen bitartez ere heldu da, Xistor Haranburu, Jurgi Garitagoitia, Sebastien Chung, Oihan Barandaia eta Edwinn Maruhik ere eskaini baitituzte haien lekukotasunak. «Proposatu nuelarik idaztea, banekien bazituztela gauza sakonak errateko. Hitzek badute balioa barnean sortzen direlarik». Kolaborazioa eskulturaren bitartez ere egin da, diskoaren azaleko eta barneko obrak Joseba Segurolak kartzelako metalgintzako tailerrean egindakoak baitira.

Ikastaldien inguruan dinamika sortu dela erran du artistak: «Normalean bizpahiru izaten ziren, eta proiektuan zortzi izan dira. Nire ustez motorrak zirelako Didier Agerre, Sebastien Chung eta Xistor Haranburu; haiei esker besteek bizi bat sentitzen zuten». Proiektua luzea izan da: «Esperientziaren bitartez aire freskoa sartzen delarik presondegian, eskergarria da». Esparzaren kasua nabarmendu du Etxekoparrek: «Hasi da bizitzan lehen aldiz gitarra jotzen eta kantatzen, eta orain hasi da kantuak idazten eta gitarra ere egin du. Bada bidea eginik».

Urteetako lana izan da proiektu honetara heldu ahal izateko: «Emeki-emeki hasi ginen. Aldiz, grabatzea eta grabaketa ateratzea zaila zen. Lotu, eskatu, dosier bat muntatu ikusteko, eta onartu zuten denboraren kostuz», adierazi du. 2018ko uztailean hasi ziren grabaketekin, eta nahiz eta «trabak hamaika izan, lan seriosa egin zuten». Ordenagailua kartzelan sartzerik ez zenez, lagun batek «multipista bat» utzi zion Etxekoparri, eta «presondegiko anplifikatzaile zahar eta berriekin eta kable zahar eta berriekin» egin zituzten grabaketak. Auditoriuma estudio gisa hartu eta han grabatu zituzten kantuak, baita horien arteko presoen solasak ere: bi mikrofono piztuak ziren denbora guztian. Hiru egunez goiz eta arratsaldez aritu ziren: «Zaila zen, soinu guztiak atera baino lehen kontrolatu egin behar zirelako. Kontrolatu badute ere, konfiantza egin digute; muntaketa egin eta gero dena entzunaraziko geniela eta itzulpenak emanen genizkiela hitz eman genien, eta horrela egin dugu».

Diskoa ZTKrekin egin dute, eta argitaletxeko Paxkal Indo arduratu da maketatzeaz. Banaketa ZTKren bitartez egin dute, eta, beraz, diskoa dendetan eros daiteke. Horrez gain, ekitaldi batzuetara eraman eta bertan ere salgai jarriko dute. Etxekopar arduradun duen Hebentik kultur elkarteak finantzatu du proiektua, eta dagoeneko disko batzuk saltzen hasi direla baieztatu du. Bestalde, Harrera elkartearekin harremanetan dira, haiek beraien aldetik sal ditzaten hainbat disko eta lortuko duten dirua haientzat izan dadin.

2007tik ikastaroak ematen

Urteen poderioz eta musikaren bitartekaritzari esker, adierazpideak eta proiektuak garatzen joan da Etxekopar Lannemezanen. Ikastaldiez gain urtero gaualdi bat antolatzen dute bertan, eta, horretarako lortutako baliabideak metatuz, disko bat grabatzeko beharrezko urratsak ematen joan da: «Lehen urtean piano bat sartzea onartu zuten, eta ikusi nuen zerbait egitea posible zela».

Uztailean Amets Arzallus eta Ortzi Idoiaterekin bertso saio bat egiteko asmoa dute, «horren berotzeko Xan Alkhatekin joanen gara irakaspen bat egitera». Eta udazkenean Gatiburen kontzertua eman nahi dute.

PARTE



HARTZAILEAK


Preso ugarik hartu dute parte diskoan. Didier Aguerre eta Vincent Gilles dira kantu hitz gehien idatzi dituztenak, baina talde lana izan da oinarrietako bat. Iñaki Esparza, Xistor Haranburu, Edwinn Maruhi, Sebastien Chung eta Mike Daveaux aritu dira elkarlanean, azken momentuan elkartu zaizkien Jurgi Garitagoitia eta Oihan Barandaiarekin batera.