16/01/2020

Hego Euskal Herriko lehen taula egilea

Patxi Oliden, oriotarra, fisika eta aeronautikan aditua, atzo hil zen 96 urterekin.

Haritz LARRAÑAGA
0116_kir_p030f01

Orion jaio, hazi eta hezi zen Patxi Oliden, Danbolin, 1923. urtean eta gaur arnasa hartzeari utzi dio, 96 urterekin. 70eko hamarkadan bere kabuz surf taulak egiten hasi zen, bere iritziz kirol hark ere guztien eskura behar lukeelako.

Itxas Tresna deitu zien bere surf taulei eta atzerritik iristen ziren surf taula garestiak baino taula eskuragarriagoak egin zituen. Oliden lehena izan zen Hego Euskal Herrian surf taulak egiten. Ez zuen inoiz surfik egin, baina surf taula batek olatu gainean nola funtzionatzen duen zehatz esplikatzen zuen bere fisika eta aeronautika jakintza zabalari esker.

Donostiako zinemaldian izan zen Oliden 2016ko irailean. Patrick Trefz argazkilari alemaniarrak egin zuen ‘Surfers Blood’ filmean agertzen zen, eta Trefzek argitaratu zituen bi liburuetan ere tarte bat eskaini zion oriotarrari. «Democratic surfboards» goiburuarekin aurkeztu zuen alemaniarrak Danbolin, gustuko baitzuen Oliden surf taulak egitera bultzatu zuen arrazoia.

Zortzi urtez aritu zen Itsas Tresna taulak egiten, horren ostean irakaslea izan zen, eta azken urteetan musika egiten aritu zen buru-belarri.

Orioko Surf Taldeak, bizirik zen artean egin zion moduan, omenaldia eskainiko dio herritarrentzat surf taulak egiten hasi zen herriko shaperrari.