Patxi GAZTELUMENDI
BERROGEIALDIRAKO

Fermin Muguruzaren bakarkako bideari gorazarre

Roberto Herreros musikari eta aktibista ezagunak Fermin Muguruzak bere bakarkako ibilbidean landutako 40 kantu aukeratu, eta playlist batean paratu ditu. Artikulu mamitsu bat osatu eta sareetan zabaldu du, irundarraren ibilbidearen maisutasuna aldarrikatzeko. Herreros kazetariak, Isidro Lopezekin batera, “El estado de las cosas de Kortatu. Lucha, fiesta y guerra sucia” liburua idatzi zuen, Kortaturen bigarren diskoan oinarrituta. Oraingoan, Kortatu eta Negu Gorriak talde esperientzien osteko Fermin Muguruzaren bakarkako ibilbideari eman dio errepasoa, eta Spotifyn playlist bat osatu. Bere ustez, Muguruzaren bakarkako bideak aurreko bi taldeen arrakastaren maila dauka eta kantuz kantu aletu du bere arrazoibidea.

Kantuekin goia non jo duen adierazi ondoren, disko guztiak errepasatu eta 50 ere izan zitezkela dio. Manu Chaok “Clandestino” lanarekin ukan zuen arrakasta aldarrikatu du musikari euskaldunarentzat.

Roberto Herrerosen ustez, «ez dago halako bilduma batekin harro egoteko moduan dagoen artista asko». Eta aitorpena egiten dio Fermin Muguruzak bakarka egindako bideari. Diskoz disko, alerik onenak, remix batzuk eta bertsioren bat bildu du Spotifyn. Hiru orduko musika bilduma orotara. Herrerosen aburuz, Muguruzak 2017an The Suicide of Western Culture bikotearekin egindako elektronika diskoa da potenteena: “B-Map 1917 + 100” ahaltsua, seguru asko bere albumik onena.

Etxean horrenbeste denbora egin dugun tarte honetan, atzera begiratu eta musikaz gozatzeko aukeraketa ona da Roberto Herreros musikariak egindakoa.