Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Gu, jendetza

San Tomas gaur, baserritarren azokarik ezagunena eta festa eguna Euskal Herriko toki askotan, baserritar jantziak eta gure nekazarien produktu postuak miretsi edota hustekoa, ilara luze bat edo beste eta taloa txistorrarekin jatekoa. Gertuko jendearekin biltzekoa, eguzki ala euri botila bat sagardo, bi, hamabi eskuz esku dantzan ibiltzekoa. Dantzan gorputzak eta mingainak, halaber, jendetzak, Eguberrietarako, zorte apur batekin baita oporretarako ere, berotze ariketa den egun honetan.

Ez aurten, ordea, aurtengo udaberritik aurrera jendetza, jende-andana, jende-pilaketa, jende-mordoa, jendedia, jende-usaina duen edozer gauza, hain zuzen, txikiagotzeko, eragozteko, saihesteko, desagerrarazteko eta debekatzeko urtea baita, jendearen hobe beharrez betiere eta, hala eta guztiz ere, jendearen beharra berezkoa dugun jendearen beldurraren, ziurgabetasunaren, ulertezintasunaren, ezinegonaren, neurri-sagailoaren ondoriozko zorabioaren eta atsekabearen maila noraino hazten ari den eta epe motz-luzera zein ondorio izango dituen ezta apur bat ere jakin gabe. Jendearen mesederako jende-presentziarik eza horrek.

Izan ere, pandemiaren urteko sasoi honetan oraindik, bata bestearen atzetik eta sarri batak bestea kontrajarriz etengabe datozkigun neurrien urtean, inor ez da ari kezkatzen modu ofizial eta masiboan jendearen ongizate emozionala, are gutxiago bizipoza (zenbat aldiz utzi diogu dagoeneko gaurko eguneko moduko alaitasun kolektibo eta freskoa sentitzeari), norantz jotzen ari den neurtzeaz.

Baten bat bai, ordea. Deustobarometro ikerketa soziologikoaren arabera, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak», EAEtik kanpokoak bezalaxe, dudarik ez, «gogaiturik daude; eta kezka, tristura eta amorru sentimenduek gora egin dute azken sei hilabeteetan. Aurreikusi zitezkeen ondorioak izan arren, datuek argiro erakusten dute nekea pilatzen ari dela herritarren sorbaldetan». Bada, gu jendetzaren kezka, tristura, amorru eta neke-pilaketa ezertarako errezeta onik ez denez, eta jendartean zer pilatzen ari garen erraz suma daitekeenez –pixkatxo bat erreparatuz gero–, hor erakundeetan norbaitek gogotik kontuan hartu beharko luke gaurkoaren moduko egun esanguratsu eta maiteetan kaleak jendetzaz husteko erabakiaren eta, honela urtea bera salbatuko bagenu bezala, Gabonak salbatzearren hartzen ari diren erabakien arteko aldea.

Txerto espres batek ez gaituelako gu, jendetza, ez berrabiaraziko ez berdinduko; ez digulako ez galdutakoa itzuliko ez ikusten ari garen guztia ahantzaraziko.