Apologia
Musika oparitzeak dituen abantailez aritzeko berandu samar den arren, ez nuke oraingo hau pasatzen utzi nahi, urteroko apologia saiakerarik egin gabe. Goraipatu dezadan, enegarrenez, ekintza, ustez inokuaren garrantzia, ia hil ala bizikoa, ikuspuntuaren arabera. Azpimarratu gabe, zer-nolako adorea behar duen, musikarekiko axolagabetasun zoriontsu horretan bizi direnei diskoak oparitzeko ohiturari eusten dionak. Esamesei, begiratu txarrei, urteroko txantxa gaiztoei men egin gabe. Opariaren jasotzaileak, paper koloredunean bildutako laukia ikusi, eta nahigabe, istant batez, hitzik esan gabe ere, “joope beste disko bat” adierazten duen keinu nekatuak zenbatzeko libreta aspaldi beteta ere.
Sinesmei tinko helduta. Musika egin daitekeen oparirik ederrena dela sinesteari inoiz utzi gabe. Haurrek, opari guztien artean, diskoak zein azkar alboratzen dituzten, behin eta berriro ikusi, eta hala eta guztiz ere, atsekabeari amore eman gabe. Inorengan musikazaletasun izpiren bat pizteko itxaropen itsuari hala-hola eutsiz. Bai, zuek, musika oparitzen, egoskor, jarraitzen duzuenak zarete Eguberrietako benetako heroiak, aitzindariak, kultur hedapenaren titan anonimoak.
Beno, zuek... eta liburuak, jolas edukatiboak, komikiak, kulturan gastatzeko bonuak, filmak, kontzertuetarako, bertso saioetarako edo museoetarako sarrerak oparitzen jarraitzen duzuenak. Arteren batekin zerikusia duen edozein tamaina, klase, koloreko artefaktuak oparitzen dituzuenak. Friki kuadrilla maitagarria.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
