Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ezkurdiaren esprinta jarraitu ezin

Bezperan Labriten bezala, Olaizola-Rezustak oso bideratuta izan dute garaipena 19-14 aurreratuta, baina Arbizukoak partida irauli du.

OLAIZOLA-REZUSTA 19

EZKURDIA-GALARZA 22


Euskal Herriko Itzuli zoragarian izan ez diren esprintak eman dira Binakako Txapelketaren aurtengo play-offetan. Hala, bezperan Labriten gertatu bezala, azken zuzengunean atzetik etorrita, finalerdietako ligaxkan dira Ezkurdia-Ladis Galarza, Olaizola-Rezusta 19-22 menperatu eta gero. Iruñean bezalatsu, garaipenak oso kolore gorria hartua zuen Baikoko bikotea 19-14 aurreratu zenean, baina, bere atzelaria ezinean ikusita, bikotearen zama bere gainean hartu zuen Ezkurdiak, partidari bere erritmoa ipini zion eta Goizuetakoa ez zen hura jarraitzeko gai izan, ziurrenik txapelketa batean jokatu duen azken partidan.

Binakakoaren aurkezpenean enpresen arteko indarrak orekatzeko asmoa azaldu zuten Baikoko eta Aspeko ordezkariek. Aldiz, aurten ere Aspek izango du nagusitasuna bigarren fasean, hiru bikote sailkatu dituelako eta Baikok bakarra. Emozioa egon bada ere, lehen ligaxka oso desorekatua izan da eta esan genezake bikote orekatuenek baino, bi aurrelari (Altuna eta Ezkurdia) eta bi atzelari (Zabaleta eta Albisu) onenek egin dutela aurrera, alboan izan dituzten kideen lana gutxietsi gabe.

Logroñokoa ere ez zen izan, inolaz ere, partida ona, batik bat bi atzelariak tarteka oso deseroso aritu zirelako. Hasieran Galarza, pilotaren boteari neurria hartu ezinda, eta, lehiaren bigarren partean, Rezusta, ezkerrez eta konfiantzaz nahiko justu.

Bakoitza bere estiloan, hobea izan zen aurrelarien jarduna. Lehiakortasuna da Aimarren biltegia betetzen duen elikagaia eta, Rezusta eroso aritu zen bitartean, boteko pilotekin, oso ondo aritu zen eta 19-14 aurreratu ziren Baikokoak. Ezkurdiak bere erritmoa jarri zuenean, ordea, ezin izan zion arbizuarraren martxari jarraitu.