Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Estropada hunkigarria irabazi du etxean Getariak

Lan istripuan hildako Andoni Galarragaren oroimenestropadan gailendu da etxeko traineru gipuzkoarra.

Traineruen denboraldiko bigarren jardunaldiak Getariara egin zuen salto, eta giro benetan hunkigarria bizi izan zen bertan igande goizean. Izan ere, maiatzean lan istripuan hildako Andoni Galarragaren omenezko estropadan, etxeko ontzia izan zen nagusi KAE1 Ligan, eta garaipena berari eta bandera entregatzeko ekitaldian izan ziren senideei eskaini zieten. Hala, gipuzkoarrak bigarren dira sailkapen nagusian, San Pedro liderrarengandik hiru puntura.

Hunkigarria izan zen. Eta ez da gutxiagorako. Hirugarren txandatik –lau izan ziren denera– irabazi zuen Getariak. Hasieratik ikusi zen etxekoak sendo eta indartsu zeudela. Lehen ziabogan, ordura arteko bigarren denborarik onena markatu zuten, bigarren txandan aritu zen Zumaiarengandik bi segundora. Baina bigarren eta hirugarren biraketetan estropada osoko denborarik onenak egin zituzten getariarrek –9:53 eta 14:55–.

Azken marka 20:02.29koa izan zen eta inork ezin izan zuen hurrengo txandan hautsi. Sentimenduak loratu egin ziren ondoren ospakizunetan.

Deusturen garaipena ETE Ligan

Lehenago jokatu zen ETE Ligako estropadan, Deustuko ontziak garaipena erdietsi zuen Tolosaldearen aurretik eta, ondorioz, bi traineruak berdinduta daude sailkapen nagusian, 21 punturekin, bi jardunaldi bete direnean.

Ohorezko txandan, lehenengo bi ontzien arteko parekotasuna nabaria izan zen proban zehar. Estropadak zuen ziaboga bakarrean, Tolosaldea izan zen guztien artean azkarrena (5:11).

Baina bigarren luzean Deustu Tolosaldearen parera iritsi eta gainditu egin zuen, helmugan bost segundoko aldea ateraz. Hibaika hirugarren izan zen.