Jon GARMENDIA
Idazlea

Itsas udarea

Alberjinia beteak janen zenituzkeela, eta ea sasoia orain den galdetu didazu. Ez dakidala zer den, hotz erantzun dizut, hurbilenetik Alberdania argitaletxea etorri zaidalako burura. “Sakakortxua” erran didazu gero, trufa egiteko, anitzek “tirabuxoina” erabiltzen badute ere “xerribuztana” baliatzen duzuelako etxean, animaliaren isatsak kizkurdura duen eran kortxoa ateratzekoari antza hartuta. Kalabazari “kuia” eta kanonigoari “ardi-mihia” deitzen diozula, “kontrarreloja” ez duzula aipatuko, eta “osea” edo “fijo” nire belaunaldiak bezala ene ilobenak ere badarabilela. Horra hor gaztelera eta frantsesaren eragina barazki eta fruituetatik landa gure eguneroko hiztegian, luze jardun dugu, hitzak elkarri trukatuz.

Baina Beskoitzeko laborari bati “itsas udarea” entzun nionetik, ordura arte “berenjena” deitzen nuenak izena aldatu zuela erran dizut, zure “alberjiniak”. Zergatik, itsas ondoan landatzen delako? jakin-minez galdegin didazu, baina ez dakidala erantzun dizut nik, dena badakigun garaiotan nehor gutxik baliatzen duen formulazioa. Itsasoz eramana edo itsasoz ekarria, hori dakidala, Asiatik, arabiar merkatariek. Kresala baino eguzki gehiago behar duela, eta gurean lauzpabost hilabetez ikusi izan dudala erran dizut, lurretik ez bada, merkatutik ekarria. Gordinik janda toxikoa dela erraten dutela batzuek. Azkenean “baba ghanoush” kozinatzen amaitu dut, Libanoko sukaldetik Andrek erakutsi zidan errezeta, lagunen gozagarri, eta, zerekin egina den galdetu didatenean, “alberjiniekin” erantzun diet.