GARA
BILBO

Gregorio Larrañaga «Mañukorta» bertsolaria zendu da

Gregorio Larrañaga «Mañukorta» bertsolaria zendu zen atzo, 78 urterekin. Konplexutasun gabeko bere bertsokera bereziarekin, urte askoan plaza gehien egin zituen bertsolarietakoa izan zen.

Amuriza eta Mañukorta, 2015ean.
Amuriza eta Mañukorta, 2015ean. (Raul BOGAJO FOKU)

Bertso munduan zein bertatik kanpo ezaguna izan da oso atzo zendutako Gregorio Larrañaga Mandiola, Mañukorta, Markina-Xemeingo bertsolaria. Hil beila gaur 16.00etatik 17.30era jarriko dute Berriatuko Gordotza industrialdeko beilatokian. Hileta elizkizuna, ostera, 18.00etan izango da, Larruskain auzoko elizan.

1980ko hamarkada amaierako bertsozaletasunaren boom bete-betean, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan jaiotako bertsolari menditar batek txunditu zituen zale zirenak eta ez zirenak. Mañukorta izan baitzen 80ko hamarkada amaieran eta 90ekoaren hasieran urtean saio gehien egin zituen bertsolarietako bat. Eta famatuak dira bere zenbait ateraldi komiko. «Niri gustatzen zaizkit Kubako brasileñak» kantatu zuen behin, beste batean «Frantziako Giroa» hizpide hartu...

1943an jaio zen Mañukorta Markinako Larruskain auzoan, izen bereko baserrian. 60ko hamarkadan hasi zen kantuan eta 80koan egin zen bertso munduan ezagun; 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen. 2014an “Mañukorta bertsonajea” liburua argitaratu zuen Xabier Amurizak, Mañukortaren bizitzako pasarteak kontatzen dituena. GAUR8n Joxean Agirrek biei egin zien elkarrizketan, honakoa zioen: «Nik tonto aurpegia izango dut, baina tontotik ez daukat ezer». Amurizak horrela definitu zuen: «Dena du ezberdina, gorpuzkera, keinuak, kantatzeko modua, arrazoitzeko modua, pertsonaia bat da. Gero badu legenda bat ere, enteratzen zarenean ez duela ia-ia eskolarik, ozta-ozta irakurtzen duela edo irakurtzen badakiela baina ez duela batere irakurtzen, are harrigarriagoa egiten zaizu. Liburua aurkezteko mahai inguru batean auzoko emakume batek, Mari Tere Sarasuak, esaten du hori, harritzekoa dela zer-nolako konfiantzarekin ibili den munduan, Jainkomendin balebil bezala, hain eskola gutxi izanda».

Lanean 6 urterekin hasi zen, ardiekin: «Soldata irabazten 14 urterekin hasi nintzen, basoan pinua bota, garbitu eta pinua sartzen». Soldadutza bukatzean, Ameriketara joan zen. Han sei urte eman eta itzultzean anaia gaztearekin batera Mañukorta baserria erosi zuen. Bertan bizi ziren: «Sekula ez dut izan ezkontzeko asmorik», aitortu zion elkarrizketatzaileari. «Urte batean 200 saio egin nituen -kontatu zuen orduan ere-, baina gogorik gabe kantatzera iritsi nintzen, lanean ere ez nintzen portatu eta horrela ezin nuela jarraitu erabaki nuen. Karga gehiegi da hori. Gero urteak eman nituen 150 saiorekin eta hori ere gehiegi da».