«Olibadia izango da, errentagarria baldin bada; eta bestela, ez da izango»
Oliba olioa goia jota dabil, prezioek sekulako gorakada izan dute. Horrek ardura handia eragin du ekoizleengan eta kontsumitzaileengan. Gaia lantzeko parada egokia iruditu zaio NAIZ Irratiko «Gelditu Makinak» saioari; baina ez merkatuari eta prezioari bakarrik erreparatzeko, baita sektorea ezagutzeko eta funtzionamendua ulertzeko ere.

Euskal Herrian bertan badira hainbat olio ekoizle. Nafarroa hegoaldean bezala, Arabako Errioxan ere baditugu olibaren eratorriak lantzen dituzten etxaldeak; Lantziegoko Erroiz da horietako bat, eta Mikel Izagirre arduraduna jarri da “Gelditu Makinak” saioaren mikrofonoen aurrean.
Azken boladan ari zarete zer esana ematen...
Tira, gu baino gehiago, merkatua dabil zeresana ematen. Guk nahiko genukeena da ditugun aukerak aprobetxatu, Arabako Errioxako olioa ezagutzera emateko.
Klima mediterraneoan kokatu ohi ditugu olibondoak. Hala eta guztiz, Euskal Herrian ere ibilbide luzea dute. Lurralde egokia da?
Pentsa Arabako Errioxako olibadiak 2.000 urte dituela. Urte horietan gure barietate propioa sortu da Nafarroa erdialdeko alderdiarekin, Lizarraldearekin. Arroniz barietatea da hemen lantzen dena. Baditugu historia, kultura eta tradizio nahikoa. Barietate honen berezitasun handienetako bat da loralditik fruitua eman arte pasatzen den denbora oso motza dela. Normalean, apirilean edo maiatzean loratzen da olibondoa; gure barietateak, berriz, ekainaren erdialdera arte -beroa, lehorraldia eta eguzki orduak izan arte- ez ditu loreak ateratzen. Hala ere, uzta jasotzeko unea ez da atzeratzen, urri amaieran prest dago jasotzeko. Beraz, hilabete eta erdi, bi hilabete eta erdi gutxiago behar ditu fruituak, eta hori bertako klimara egokituta dagoen seinale da.
2023ko hasieran, Aprora elkarteak adierazi zuen iazko ekoizpena historikoki baxua izan zela. Joan den urtean lehortea izan zen bezala, aurten eguraldi aldakorra izan da eta ekainean harri dezente erori zen. Azken aldiko hauek gertakari puntualak dira edo joera bati erantzuten diote? Zein egoera bizi du sektoreak Araban?
Bi egoera desberdin elkartu dira, eta biak gure kontra. Bi urteotan jasan dugu lehorteak eta azken asteetan euria bota izanak, aurtengo ekoizpenari begira berandu bada ere, zuhaitzari eta aurrera begirako ekoizpenari lagunduko dio. Iazkoa historikoki eskasa izan zen. Eta aurtengo aurreikuspenak zoragarriak ez badira ere, pixka bat hobeak dira.
Lehorteak halako eragina badu, baliteke olibadiak ureztatze beharrak dituen landaketa bilakatzea?
Zabaldutako ustearen kontra, olibadiak ur premia du, eta dezentekoa, gainera. Baina eguzkia ere behar du eta ureztatzea positiboki ikusten dugu. Arabako Errioxan badaude zenbait sistema martxan eta beste batzuetan lanketa horietan ari dira orain. Urteroko uzta mantentzeari begira, interesgarria izan daiteke.
Lehen sektorean erreleboa emateko zailtasunak aipatzen dira. Olibadiak ez dira salbuespena.
Olibadia izango da, errentagarria baldin bada; eta bestela, ez da izango. Nekazariak eskubide batzuk ditu, bizitzeko egiten du lan eta bizitza duin bat besterik ez du bilatzen. Orduan, prezio duinak ezarri behar dira, oreka bilatu eta segurtasuna nekazariarentzat. Hori lortzean egiten du sektoreak aurrera.
Uztaren gorabeherek, ordea, eragina dute nekazariaren lan baldintzetan eta baita produktuaren salneurrian ere. Iazkoa urte txarragoa izan bazen, zergatik ari dira prezioak hainbeste igotzen?
Ez dago zergati bakarra. Pasatu den urtean hemengo uzta oso kaskarra izan zen, eta aurten Espainiakoa. Ekoizpen txarra espero zuten eta are txarragoa izango dela dirudi, udako bero handiegiak loreak erre dituelako. Kontuan hartuta Estatu espainolean ekoizten dela mundu osoko ia %50, Espainian gertatzen denak mundu osoan du eragina. Gu txikiak gara eta gure txikitasunak merkatu horretatik kanpo bizitzea ahalbidetzen digu, prezioak erregularizatzen badizkigu ere.
Alabaina prezioaren igoeran bi zergati bereizi daitezke: lehenengoa, uzta jaitsierak nekazariengan eragina izango duela eta, beraz, hobeto ordaindu beharko zaiela oliba kiloa; eta bigarrena, eta nagusiena, stock-a zenbatekoa den, alegia, merkatuan salgai geratzen den olio kantitatea oso txikia dela. Prezio igoera salmenta hori erregulatzeko modua da. Horrek espekulazioa sortzen duela eta jende bati diru asko eman diola iaz oliba hori saldu zuen nekazariak zentimorik ikusi ez duen bitartean? Guztiz egia da.
Hala ere, egon badago beste mundu bat linealetatik eta hainbeste entzuten den prezio igoeretatik kanpo, non bagauden ekoizle txiki mordoa eta prezioak ez diren hainbeste mugitu.
Linealetatik kanpo egonagatik, Euskal Herrian behintzat erakutsi da beste merkatu bat posible dela, are gehiago, horrek merkatuaren kontrola izatea ahalbidetzen duela.
Bai. Zuzeneko salmentak bide ematen du. Gainera, gure merkatua nahiko leiala da, hau da, oliba beti ekoizle berdinei erosten diegu eta olio erosleak ere nahiko finkoak izaten dira. Bestalde, balore batzuk ditugu: saiatzen gara kalitate ahalik onena prezio ahalik onenean saltzen, betiere nekazarien duintasuna, bizi kalitatea eta eroslearen eskubideak bermatuz.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
