Sugoi ETXARRI ZABALETA
EHEko kidea
KOLABORAZIOA

Eman diezaiogun euskarari kalea!

Aurreko egunean, lan egiten dudan institutuan ikasle batek bota zidan: «Hamar pertsona bagaude eta batek euskaraz ez badaki, logiko eta errespetuzkoena da gazteleraz hitz egitea». Hitz-kate horren eta bota duen pertsonaren atzean hamaika bizipen zehatz daude: eguneroko elkarrizketak, diskurtsoak, gertaerak... Eta horietan barna nagusitu den logika bat antzeman daiteke, mundua gobernatzen dutenen logika indibidualista eta sasi-bakezalea, alegia.

Euskal Herrian (ere) agintzen duen logika horrek berak ezkutatzen ditu bi pertsona edo gehiagoren artean dauden botere-harremanak; klaseak, sexu-generoak, jatorriak, azal-koloreak, hizkuntzak eta abarrek eragindakoak. Horrela, denok askeak eta boterez berdinak bagina bezala pentsatzera eraman gaituzte, gure bizipen eta ekintzen kausa zein ondorio sistemikoak ikusezin bihurtuz. Nik euskaraz edo gazteleraz egin, zer axola du? Aske naiz nahi dudana egiteko! Gainera, ez dadila inor gaizki sentitu, ez dezagun inor gaizki sentiarazi... Pentsamolde honek, bistan da, botere-harremanak ezkutuan utziz, itxurazko bakea ezartzen du zapaltzailearen mesedetan eta zapalduaren kaltetan.

Azken urteetan gero eta gehiago, ikasleek euskara eskolarekin eta arauarekin lotzen duten irudipena dut, eta erdara, kontrara, dibertsioarekin eta askatasunarekin. Urte luzeetako borrokaren ondorioz euskara neurri (txiki) batean instituzionalizatzea lortu dugun bitartean, diglosia-egoera bortitzean jarraitzen dugu, baina gutxi hitz egiten da horri buruz eskoletan, etxeetan zein kalean. Errealitate gordin hori ezkutuan geratu da, indibidualismoaren eta sasi-bakearen araupean. Izan ere, Arestik zioen bezala, bakeak euskarari −eta edozein talde zanpaturi− kalte egiten dio.

Errealitateak, sarri, begiratu hutsarekin ez dira ikusten, baina seinalatuz gero bai. Horregatik, nire ustez, horixe dagokigu orain; labur esanda, maila instituzionaleko borrokari uko egin gabe, kalea berreskuratzea, lehenak bigarrena apaltzeko izaten duen joera gaindituz. Eskubide indibidualen lanketatik eta hitz neurtuetatik haratago, herri gisa ditugun ametsez, horien etsaiez eta askatasun kolektiboetarako bideez hitz egiteko premia dugu, egunerokoan «normaltasun» gisa bizi ditugun egoerak desnormalizatu eta kaleak astintzeko, eta, kale horietan, behekoen askatasuna nahi duten beste mugimendu batzuekin topo egin, haiengandik ikasi eta indarrak batzeko.

Bizitza, hizkuntzak, herriak... errentagarri ez zaion guztia suntsitzen duen sistema honen eta bera iraunarazten duten estatuen aurrean, bereizi eta isolatzen gaituztenen aurrean, itxaropena kentzen digutenen aurrean... komunitatea lantzea da mugimendu askatzaile guztion premia bizia. Kontzientzia hartu, elkartu, konplexu zahar-berriak gainetik kendu, taldean pentsatu eta ekin behar dugu. Tokian-tokian, ahal den eremu guztietan erein, borrokak piztu, eragin. Bakarrik ezin dugu, lagunekin bai.

Astindu berri bat behar du gure hizkuntzak eta komunitateak. Apirilaren 22tik 28ra izanen dugun Euskaldunon Harrotze Asteak horretarako aukera bat eskainiko digu, inflexio puntu bat, elkar motibatu eta ahalduntzeko.

Gure institutuko ikasleek, beste guztiok bezala, egoeraren kontziente izateko eta askatzailea den komunitate baten parte aktibo izateko eskubidea dutelako. Eman diezaiogun euskarari kalea!