J.DUHAU - N.BELASTEGI
DONOSTIA
NEGOZIO TXIKIEN ITXIERA

Hontza liburudendak ateak itxiko ditu, 40 urteko historiaren ondoren

Donostiako Hontza liburudenda historikoak ez du segituko, komertzioaz arduratuko den erreleborik aurkitu ezean. Jabeei erretiro garaia heldu zaie eta, itxiera kostuei aurre egitearren, lokala salgai jartzea erabaki dute. Bitartean, zabalik jarraituko du, bezeroei orain arteko zerbitzu bikain berbera eskaintzen, dendaz arduratuko den norbait agertuko den itxaropenez.

Lau hamarkada pasatu ditu Hontzak, bezeroei behar zituzten irakurgaiak eskaintzen.
Lau hamarkada pasatu ditu Hontzak, bezeroei behar zituzten irakurgaiak eskaintzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Okendo kalean dagoen Hontza liburudenda historikoari denbora bukatzen ari zaio. 40 urteko ibilbidearen ostean, pertsiana jaisteko garaia iritsi zaio, inor ez baitago erreleboa hartzeko prest.

Lau oñatiarrek zabaldu zuten lokala 1982. urtean, baina hortik pare bat urtera egungo jabeek hartu zuten negozioa, ezagutzen dugun Hontza sortuz. Kale berean, lokal batzuk harago zegoen duela gutxi ateak itxi zituen Tanger taberna, Donostiako beste klasiko bat. Biak, urte luzeetan zehar, Zinemaldira etortzen ziren izarren distiraren lekuko izan dira, Maria Cristina hotelaren gerizpean. Orain, Hontzaren itxierarekin batera, Donostiak distira pixka bat galduko du.

«Egun hiru jabe daude, eta ni naiz horietako baten semea -argitu zuen Jon Tatiegik, NAIZ Irratian egindako elkarrizketan-. Beraiek lan egin dute urte luze askotan, baina orain bakarra gelditzen da lanean, eta aurten jubilatzera doa. Orain arte hiru pertsonaren artean kudeatu dutenez, beste talde kudeatzaile baten beharra ikusten dugu, eta momentu honetan inor ez dago prest».

Tatiegik uste du horrelako denda batek taldetxo baten inplikazioa behar duela. «Era honetako negozio batek ordu asko eskatzen ditu, jakin gabe zer jasoko duzun, eta horregatik da zaila», azaldu zuen. Lokalaren salmenta asko pentsatu gabeko erabakia izan dela esan zuen. «Erabaki dute lokala salgai jartzea itxiera gastuei aurre egiteko», esan zuen, eta argi utzi nahi izan zuen saldu arte zabalik eta normaltasunez funzionatzen jarraituko duela, eta prozesua hilabeteetakoa izan daitekeela. Beraz, nahiz eta Hontza laster itxiko den, lokala edo liburudenda bera erosiko duenik agertu arte martxan jarraituko du.

DONOSTIA, PARKE TEMATIKO

Itxieraren berria zabaldu zenetik jende asko joan zaie esaten pena ematen diela ixteak.

«Tristura hori ere poztekoa da, ongi egindako lanaren erakusgarri delako, jendearen eskertza bat. Bezeroak ondo zaindu izanaren emaitza da. Hirian komertzio txiki asko ixten ari dira, eta hau ere galera bat izango da», aipatu zuen.

Horri buruz iritzi argia du Tatiegik. «Uste dut damutuko garela urteak pasa ahala», baina erreleborik gabe ez dago ezer egiterik euren kasuan. Hontza bezalako denda txikien itxieren ondorioz, Donostia «parke tematiko» bihurtzen ari dela uste du Hontzako lagunak.

«Kontsumo ereduei dagokionez, jendeak gero eta gehiago kontsumitzen du azalera handiko saltokietan edo online plataformetan, eta horrek eragiten du komertzio txikiak ixtea», adierazi zuen, nahiz eta hori ez den Hontzaren itxieraren arrazoia.

Zorionez, kasu honetan, liburudendaren hiru jabeek bertan lan egiten jubilatu ahal izango dute.

Negozio lokalen itxierak hiri ereduari «kalte handiak» ekarriko dizkiola irizten dio Tatiegik, baina baita herritarren egunerokoari ere. «Urte gutxitan gertatzen ari den aldaketa eta berriro horri buelta ematea asko kostatzen da», nabarmendu zuen.

Joera hori eteteko, uste du instituzioak direla gakoa, eta negozio txikiei laguntzak ematea eta enpresa handiei -Garberaren kasua aipatu zuen- trabak jartzea dela konponbidea. Kontsumitzaileei dagokionez, «norberak autokritika eta barne hausnarketa egin behar luke, bakoitzak non kontsumitzen duen kontziente izateko», esan zuen.