«Ez diot neure buruari denbora bat jarri nahi itzultzeko; denborak esango du»
Bi ebakuntzaren ostean, errekuperazio saioekin hasi da dagoeneko Xabier Tolosa pilotaria. Momentuz, kantxetara bueltatzeko presarik ez dauka eta nahiago du lasaitasunez hartu, baina hiruzpalau hilabeteko kontua izango dela uste du.

Eskumuturrean ebakuntza egin zioten Xabier Tolosa pilotariari abenduaren 18an, baina, lotailu nagusietako batean hirugarren graduko haustura antzeman zitzaion eta berriz ere operazio-gelan sartu behar izan zuen duela bi aste pasatxo.
Ikusita dena ondo atera dela pentsatzen dut psikologikoki ere lagunduko duela, motibazio aldetik.
Bai, azkenean kirolean, goi mailako kirolean batez ere, horrelako lesioak ohikoak dira eta begi onez eta filosofiarekin hartu beharra dago eta halaxe egin dut. Egia esan, nahiko ondo eramaten ari naiz denboraldi guzti hau eta orain badirudi tunelean argia ikusten ari garela eta hala izan bedi; ea lehenbailehen kantxetara itzultzeko eta berriro pilotaz gozatzeko aukera dugun.
Binakako txapelketan parte hartzea eragotzi dizu honek, noski. Noiz jakin zenuen zehazki ezingo zenuela parte hartu?
Lesio hau abuztuaren bukaeratik dator. Irailean dagoeneko minen ondorioz ez nuen partidua jokatu, baina jakinda binakako txapelketa abenduan hasten zela esperantzak bagenituen ordurako ondo jarri eta jokatzeko; baina hainbat tratamendu egin eta gero mina ez zitzaidan joaten. Nik oso garbi neukan horrelako egoera batean kantxara atera eta %100a ez emateko nahiago nuela parte ez hartu eta halaxe egin nuen. Ondoren jakin genuen eskumuturra ez zegoela behar bezala maila horretako partidua jokatzeko eta azkenean erabaki zuzena izan zela, egoera onean ez bazaude eta zure %100a eman ezin baduzu hobe dela kantxetan ez egotea. Eta orain erabat osatuta, hurrengo urteari eta udari begira jarri gara martxan eta ea berriro kantxetan %100ean itzultzen garen.
Ez da eskumuturrak arazoak ematen dizkizun lehen aldia. 2019an ere fibrokartilagoan pitzadura bat antzeman zizuten eta orduan ere ebakuntza egin behar izan zizuten. Hau azken urteetako zerbait da edo lehenago ere ahulgune izan dituzu eskumuturrak?
Egia da lehenago beste ebakuntza bat egin zidatela eskumutur honetan, baina oraingo hau beste lesio bat da; ez daukate inongo erlaziorik elkarren artean. Beste arazo bat suertatu zait eta azkenean eskumuturra oso garrantzitsua da pilotariarentzat kolpekatzeko garaian. Beharbada nire eskumuturra ohi baino gehiago sufritzen dabil, eta horregatik, akaso, lesio txiki hau. Ea aurrera begira ez daukagun beste lesiorik.
Psikologikoki nekagarria izango zen, mediku batengana eta bestearengana joatea, eta ebakuntzara jo behar izan gabe bestelako soluziorik bilatu ezin.
Gogorrena egin zaidana da hainbat tokitan ibili ondoren inork ez jakitea zehatz-mehatz zer lesio nuen edo mina nondik zetorren. Beste edozein kasutan, badakizunean arazoa zein den dena errazago eramaten da, baina honetan irailetik ibili gara bueltaka eta lehen ebakuntza abenduan egin zidaten eta bigarrena urtarrilean. Denbora hori noraezean galduta luze egiten da eta psikologikoki beharbada horixe da gogorrena, baina orain arazoari konponbidea jarrita gauzak argiago ikusten dira.
Duela bi urteko binakakoan momenturik okerrenean, finalerdietan, etorri zitzaizun lesioa: bikian zuntz-haustura bat. Zortea, tamalez, azken urteotan ez dabil oso lagun.
Gertatzen diren gauzak dira, baina nik beti hartzen ditut filosofia oso onarekin. Iruditzen zait eta ingurukoek esan didate oso baikorra naizela eta hala kontsideratzen naiz. Horrelako kasuetan pentsamendu eta izaera baikorra izateak laguntzen du eta halaxe gertatu zitzaidan finalerdi haietan; oso gutxi falta zitzaigun finalera iristeko, baina beste batzuk akaso hori bizitzeko aukerarik ez dute izan eta horrekin gelditzen naiz.
Psikologoen laguntzarik izan duzu urte hauetan?
Ez. Badira kirolariak eta pilotariak horrelako profesionalengana jo dutenak, baina ez da nire kasua. Nik normaltasun osoz eramaten dut eta momentu zailetan iritsi zait jokabide ona izan dudala eta saiatzen naiz beste gauza batzuekin entretenitzen eta horrelaxe ateratzen naiz horrelako zulo beltzetatik.
Ebakuntza osagarria eginda, itxura denez momentuz dena bide onean doa. Noizko egon zaitezkeen prest aurreikusita daukazu edo goizegi da?
Ez diot neure buruari denbora bat jarri nahi kantxetara itzultzeko. Denborak esango du, ikusi beharko da nola doan hobetzen nire eskumuturra eta gutxi gorabehera esango nizuke hiru-lau hilabete beharko nituzkeela, baina ikusiko dugu.
Horrelako lesio baten ostean berriz ere pilotan hasten zarenean, lehiatzen, goi-mailan, beldurrik izaten da berriz ere mintzeko?
Bai, dudarik gabe. Nik, gainera, esperientzia daukat eskumuturreko ebakuntzetan eta aurreneko pilotakadak oso gogorrak izaten dira eta duda asko etortzen zaizkit burura. Ez dakizu zure eskumuturra gai izango den pilotaren inpaktua jasateko eta dudak etortzen dira. Gainera, denbora dezente geldi egonda, eskumuturreko eta besoko indarra galdu egiten da, baina denbora kontua da. Eskumuturra ondo osatuta baldin badago, entrenamenduen poderioz gauzak bere onera etortzen dira.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
