Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ADOLESCENCE

Alor teknikoa istorioaren zerbitzura

N arrazioaren ardatza Jamie Miller da, ikaskide bat hiltzea leporatu dioten 13 urteko nerabea. Lau ataletan, gertaera horrek bere familian eta komunitatean dituen ondorioak aztertzen ditu.

Atal bakoitza plano sekuentzia bakar batean filmatuta dago, inolako etenik gabe. Ikuspegi horrek denbora errealeko esperientzia emozional oso sakonean murgiltzen du ikuslea. Horrela grabatua egotea ez da funsgabea: pertsonaiek inguratzen dituzten tentsioetatik ihes egin ezin duten bezala, ikusleak ez du atsedenik izango. Narratibaren errealismo gordina nabarmentzeaz gain, jorratzen dituen gaien pisua ere indartzen du. Ikus-entzunezkoak mozketa azkarrez eta efektu digitalez gainezka dauden garaiotan, plano luze horiek gogorarazten dute istorioa bera baino garrantzitsua dela istorioa kontatzeko modua.

Gidoia biribila eta oso zorrotza da, eta idazketaren barrutik jaiotzen diren gaiak, gordinak: maskulinitate toxikoa, osasun mentala eta nerabeen gaineko presio soziala. Gazteen munduarekiko dagoen ezjakintasuna ere agerian geratuko da.

Telesaila teknikoki harrigarria bada ere, ez da bere indargune bakarra: antzezpen lanak izugarriak dira. Aitaren rola jokatzen duen Stephen Graham-ek aspaldi frogatua du aktore itzela dela; hemen hamarreko lana egiten duena. Erin Dohertyk hirugarren atalean egiten duena ere txalotzeko modukoa da. Ezustekorik handiena, ordea, nerabe protagonistarekin iritsi da: Owen Cooper. Harrigarria da isilune, begirada, ekintza eta esaldien bidez emozioak transmititzeko duen gaitasuna.

Alor teknikoa, narratibaren, aktoreen lanaren eta, oro har, hizkuntza zinematografikoaren zerbitzura jartzen denean, “Adolescence” bezalako harribitxiak jaiotzen dira. Oraingoz, urteko telesaila da.