Arnaitz GORRITI
GIROA 2025

Haizeak eta euriak Daan Hooleri inork espero ez zuen garaipena eman diote

Herbehereetako txapeldunak errepidea lehor zegoela Joshua Tarling faboritoari irabazi zion eta, euria hasi zelarik, Roglic eta enparauei. Sailkapen nagusiari begira, Roglic eta Ayuso izan ziren garaileak, nahiz eta oraindik ere Isaac Del Toro den liderra.

Daan Hoole, ezusteko garailea Pisako «Mirarien plazan».
Daan Hoole, ezusteko garailea Pisako «Mirarien plazan». (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

Euriak eta haizeak goitik behera eraldatu zuen atzo Giroko 10. etapa. Pisako dorre etzana lekuko zela, Lidl Trek taldeko Daan Hole herbeheretarrak ezusteko garaipena erdietsi zuen. Izan ere, 26 urteko txirrindulariak eguraldi lehorrarekin egin ahal izan zuen 28 kilometro pasatxoko erlojupekoa eta faborito nagusiek, berriz, euripean eta haizea kontra zela egin behar izan zuten etapa. Xabier Mikel Azparrenek hamargarren denbora onena ezarri zuen, esaterako.

Joshua Tarling Ineos taldeko galestarra zen etapa eramateko faboritoa, baina Dan Hoolek atzetik aurrerako lana eginda denborarik onena ezarri zuen. Herbehereetako mutila sinetsi ezinda azaldu zen helmugan. «Joshua [Tarling] aurkari oso gogorra da eta zaila egiten zait sinestea irabazi egin diodala. Egun bikaina izan da. Badakit euria dela-eta etapa ezberdina izan dela, baina nik dena eman dut eta pozarren nago. Nola bestela! Hau ikaragarria da!», azaldu zuen Lidl Trek taldeko 26 urteko txirrindulariak.

«STERRATORIK» EZ

Hain zuzen, Roglic abiatzearekin batera hasi zen euria. Eguraldi iragarpenek ez zuten kalerik egin eta esloveniarra abiatu eta berehalakoan zeruak pilaturiko ura botatzeari ekin zion. Horren ondorioz, etapari begira baino, sailkapen nagusiari begirako beste borroka bat jarri zen martxan.

Hala, Primoz Roglicek eta Juan Ayusok aurrerapauso handia eman zuten, nahiz eta etapako lehian sartzerik ez zuten izan. Esloveniarrak 19 segundo atera dizkio UAEko katalanari, baina minututik gorako aldea kendu zion Isaac Del Toro liderrari.

Roglicek meritu bikoitza izan zuela esan dezakegu, gainera. Goizean, ibilbidea ezagutzen ari zela, erori egin zen, baina ez zuen minik hartu eta ez zen arratsaldera begira kikildu ere. Erlojupekoan bertan, berriz, Ayuso indartsuago hasi zen Roglic baino, eguraldi petralagoarekin ekin bazion ere. Hala ere, azken aldera Bartzelonan sortutako mutilari erlojupekoa luzetxo egin zitzaion. Bestalde, Pisako erdiguneko kaleetan teknikak zeresan handia zuen eta akaso Ayusok ez zuen behar baino gehiago arriskatu, badaezpada erori eta minik ez hartzeko.

Isaac Del Toro liderra, UAEko mexikarra, berriz, eguraldiagatik edo lidergoaren presioagatik, ez zen oso fin aritu eta nahiz eta maglia arrosa oraindik ere soinean eramango duen, UAE taldeko taldeburu Juan Ayuso 25 segundora hurbildu zitzaion. Igandeko «sterratoan» ez bezala, etapa askoz lasaiago eta kontu handiagoarekin ibili zen eta, hala, aurreneko tarteko erreferentziatik denbora arin galduz joan zen.

Nolanahi ere, bururik ez zuen galdu eta horri esker liderraren maillota behintzat mantendu zuen mexikarrak, nahiz eta bere taldekidea gainera etorri zaion. Ayusoren atzetik, liderrarengandik minutu batera, Tiberi eta Simon Yates daude, eta bosgarren posturaino igo da Roglic, igandean galdutako guztiaren zati bat berreskuratu ondoren, Del Tororengandik 1.18ra geratu baita.

HOLMGREN, DURANGON GARAILE

Bestalde, Durango-Durango Emakumeen Saria lasterketa jokatu zen atzo eta Isabella Holmgren Lidl Trek taldeko kanadarra izan zen garaile. 19 urteko gazteak Goiurin gora jo zuen erasoa eta bakarrik helmugaratu zen. Bere atzetik FDJ-Suez taldeko Evita Muzic frantziarra sailkatu zen eta Herbehereetako Thalita de Jongek -Human Powered Health- izan zen hirugarrena, 44 segundora.

Aurrez Elena Hartmann Ceratizit taldeko suitzarra izan zen protagonista, ihesean denbora luzez ibili ondoren. Alabaina, faboritoek lasterketa kontrolpean izan zuten harik eta Goiuri igotzen hasi arte.

Isabella Holmgrenek ez zuen birritan pentsatu eta eraso bortitza jo zuen. Bakarrik egin ahal izan zuen alde, Muzic azkenerako gainera etorri bazitzaion ere. Hunkituta eta negar malkotan blai helmugaratu zen kanadarra.