AUZO BATEN GARAIPENA: 50 MALIAR OÑATIRAKO BIDEAN
Maliko 50 gazte inguruk Oñatirako bidea hartu zuten atzo goizean, Donostiako Amara Berri auzoko arkupe batzuetan egoera prekarioan bizitzen egon ondoren. Arantzazuko aterpetxe batean, Gurutze Gorriaren ardurapean biziko dira denbora batez. Amarako bizilagunen auzolana eta elkartasuna nabarmendu ziren atzoko agurrean.

Donostiako Amara Berri auzoko arkupeetan ekainaren erdialdetik era prekarioan egunak eta gauak eman ondoren, Maliko 50 bat gaztek atzo goizean Oñatirako bidea hartu zuten, beren egoera momentuz konponduko duen “etxe” berri batera, betiere Gobernu espainolari luzatutako asilo eskaeraren erantzunaren zain. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalarekin koordinatuta, Arantzazun aldi baterako bizilekua atondu du Gurutze Gorriaren zaintzapean.
Baina ez da afrikar iheslari hauen garaipena bakarrik, Amara Berriko auzoarena ere bai. Auzolana eta elkartasuna nabarmendu dira aste hauetan, eta atzo ere emozio handiko uneak bizi izan ziren Donostiako Kofradien Plazan, elkar agurtzean batez ere.
Malitik, beren herrialdetik, zenbait krisiren ondorioz alde egin behar izan dute gazteok, gatazka armatuengatik eta tokiko nekazaritza hondatzen ari den klima aldaketaren ondoriozko arazo ekonomikoengatik. Horietako asko Estatu frantsesetik itzuli dituzte hegoaldera. Horregatik eskatzen dute asiloa.
Amara Berriko bizilagun bat honela mintzatu zen azken hilabeteetan bizitakoaren inguruan: «Irabazi dugula iruditzen zait. Irabazi dugu beraiek duintasuna eskuratu dutelako, ez dutelako momentuz berriro kalean bizi beharko, eta hemen gatazkarik ez delako sortu». Hitz horiek erakusten dute auzoko jendearen kezka eta konpromisoaren fruitua, konpromisoa eta lana arrazismoaren aurkako borrokan. Azken asteotan gosari solidarioak egin dituzte, gaztelera ikasteko eskolak eman dizkiete (gutxieneko komunikazio gaitasuna lor zezaten egunerokorako), eta Poliziarekin hitzorduak lortzeko saiakerak areagotu dituzte. Artatze lan hori Gurutze Gorriaren esku geldituko da orain, Arantzazu inguruan.
BESTE ALDEAN, UTZIKERIA
Administrazioen aldetik, aldiz, utzikeria nabaria izan da, batez ere Gobernu espainolarena. «Kontua da poliziari deitzeko aukera oso murritza dela; astelehenetan bakarrik izaten da eta 16.00etatik 18.00etara soilik. Gainera, Gipuzkoa osorako 15 dei inguru besterik ez dituzte hartzen; hori onartezina da», salatu zuen bizilagunak. Hori dela eta, gazteek hilabeteak igaro behar izaten dituzte kalean, administrazioaren erantzunaren zain; «Nazioarteko Babesa Eskatzeko Eskaera famatu hori eskuratu bitartean», gehitu zuen donostiarrak. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak ere gogor jo dute Marisol Garmendia buru duen Ordezkaritzaren aurka. Eta egoeraren aurrean «premiazko» esku-hartzea egin behar izan dutela defendatu zuten, «behin-behinean bada ere, babesgabetasun-egoerak saihesteko, Espainiako Gobernuaren baliabide eta erantzun faltaren aurrean».
Beste bizilagun batek honakoa erantsi zuen jarraian: «Guk ez dugu zertan instituzioen lana egin, eta beraiek baino askoz baliabide gutxiagorekin». Hala ere, zenbait bizilagunek hartu dute erantzukizun hori, eta beste behin agerian geratu da elkartasunak zer-nolako ahalmena duen.
Aurrerantzean Gurutze Gorria arduratuko da beharrezkoa denean gazte hauek Arantzazutik Gipuzkoako hiriburuko Polizia espainolaren bulegoetara eramateaz, asilo-eskaerak izapidetzen jarraitzeko. Horietako batzuek dagoeneko lortu dute hurrengo hilabeteetarako hitzordua. Gogoan hartu behar da gatazketatik ihesi etorri direla Europara, eta ondorioz asilo eskubidea dutela.
«BEGIETARA BEGIRATU»
Goizeko lehen ordutik, irudi hunkigarriak utzi zituzten Amara Berriko bizilagunek eta Maliko gazteek; “Adiós con el corazón” emozio handiz abestu zieten, esaterako. Gurutze Gorriko furgoneta bete ondoren, Arantzazuranzko bidea hartu zuten 12.45 aldera.
Atzo iluntzean jada ez zuten bizilagunen batek utzitako koltxoneta baten gainean lurrean lo egin behar izan. Oñatira bizitza berri baten bila abiatu ziren gazte hauek, eta Amara Berrin egindako lanaren zati bat bertan geratu da, beste zatitxoren bat gazteek eramango dute. «Elkarbizitzaren pedagogia, begietara begiratzea eta pertsonaren duintasuna» landu dute aste hauetan, ez teorian, praktikan baizik.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
