Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ARO BERRIA

Opera prima txalogarria

Ur kontagailuen lantegi bateko langileek batzarra egin dute, azkenean aurrera egingo ez duen greba eztabaidatzeko. “Aro Berria” filmaren lehen hogei minutuetan, Irati Gorostidik drama sozialaren ertzak lantzen ditu. Etsipenak jota, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratzen dute eraldaketa erradikalerako nahia: lantegia utzi eta mendietan isolatutako komunitate batean murgilduko dira.

Plano zenital batek irekiko du pelikula, fabrikako teilatuen gainetik jausten den begirada baten antzera. Pertsonaien sartu-irtenak eta aldarriak protagonista dituen sekuentzia luze baten ostean, orduantxe agertzen da pantailan lehen aldiz, gorriz idatzita, “Aro Berria” izenburua. Une horretan hasten da benetan pelikularen mamia, bere taupadarik bizi eta sakonenak erakutsiko dituen muinera jauzi egiteko.

Kolore grisak nagusi diren egoera batetik naturara egingo du jauzi narrazioak, Ultzamako bihotzera. Kolore gorriz betea dagoen eszenatoki bitxia agertuko da, zirku bateko karpa dirudi. Jende multzo handia dago bertan, begiak estalita, gorputzak katarsian murgilduta: saltoka eta eztarritik askatutako hots basatiak zerura jaurtiz. Une horretan “Arco Iris” komunitatean barneratuko da kontakizuna. Bertan eskaintzen zituzten ikastaroak modu gordin eta esplizituan agertzen dira filmean: eszena luzeak, batzuetan deserosoak, erraietakoak eta katartikoak.

“Aro Berria” filmean sinesgarritasuna arnasten da une oro, ikusle moduan pertsonaiei behatxulo batetik zelatan ariko bagina bezala. Giropen sinesgarri horren erantzuleetako bat, aktoreez gain jakina, Ion de Sosaren argazkilaritza lana da.

Txalogarria da Gorostidik egindako lana, ez baita batere ohikoa opera prima batean horrelako ausardiaz eta nortasun propioz aritzea.