Zibilizatzeko presarik gabe
Urte berri on, beranduxe bada ere. Gaur, beste atzerapen batzuen berri emateko asmoa dut, ordea. Esate baterako, tradizioari jarraituta, erretzeari uzteko erabakia 2027 arte atzeratu dut. Gobernu frantsesak, berriz, 2030 arte gibelatu du erabilera bakarreko plastikozko edalontziak debekatzea.
Gainera, euskaldunok luzamendutan ibili zaleak garela dirudi, zibilizazio kontutan behinik behin, edo hala iruditu zitzaion Claudio Sanchez Albornoz jaunari. Euskaldunok zibilizatu ginen azkenak garela esan zuen, beste edozein herrik baino mila zibilizazio urte gutxiago ditugula. Ez dut ekarri Sanchez Albornoz hizpidera haren hitzak Joxe Azurmendiren libururik ezagunena argitaratzeko bultzada izan zirelako, Espainiar Errepublikaren erbesteko Gobernuko presidentea izan zelako baizik. Agirre lehendakariari esan omen zion: «Egizue euskaraz, ahal baduzue, gehienok ez baitakizue, baina ordaindu zergak espainiar guztiek bezala». Ezker espainoleko edozeinek gaur egun esatea harrigarria ez litzatekeena.
Orain dela aste bi, Gasteizko Legebiltzarrean Ararteko ez euskalduna aukeratu zutenean, PSEko ordezkariak euskararen aurkako oldarraldi judiziala parlamentarioa ere badela erakutsi zuen; politikoa, alegia. Hizkuntza eskubideei giza eskubideak kontrajarri zizkien. Ez da atzo goizeko eztabaida, edo matraka. Garai bateko progreetan progreenek, eskuinaren aukera guztiak batetik bestera ibili dituzten horiek, aspalditik ziotenez, ez dago hizkuntza eskubiderik, hizkuntzek ez baitute eskubiderik. Arrazoi dute bigarren horretan; izan ere, zer axola zaio euskarari oldarraldi judiziala?
PPk, Voxek, sindikaturen batek... hauspotutako oldarraldia espainiar sozialistek ere justifikatzen dute, amarrua oinarri duen diskurtsoa baliatuz, supremazismoa gordetzen duen diskurtsoa. Kasurako, zibilizazioa espainiartasunak dakarrela sinetsarazi nahian.
Uztailean joan zen Joxe Azurmendi, zorionez bere errugabean hobendun, bere kulparik ezaz gainera, libre izan nahia ere utzi zigun eta.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
