Dantzalekura itzulera
Oialume aretoa triki-poparen tenplu bilakatu zen ostiralean Etzakit taldearen itzulerako lehen kontzertuan. Xabi Solanoren gidaritzapean, lehen abestitik azkenekora erritmo biziari eutsi zion bi ordu eta laurdeneko emanaldiak. Gonbidatu ugarik eta publikoaren erantzun sutsu eta dantzariak giro aparta sortu zuten.

2026ko lehen sorpresa bizi izan genuen ostiralean Etzakit talde hernaniarrarekin. Oialume aretoa behin bakarrik ez, hiru aldiz betetzea jarri dute erronka (astelehenean izango da azkena) eta arrakasta bermatuta izan dute beraien betiko jarraitzaileekin, bai eta gazteagoekin ere. Zutik elektrotxaranga aretoa girotzen ari zen iritsi ginenean: dantzarako gogoa nabaria zen jende artean.
Txaranga amaituta, laster entzun genuen atzean soinu txikia: Xabi Solano zen, publiko artean sartuta infernuko hauspoari eragiten, Jon Mari Beasainen panderoak lagunduta. Laster batu zitzaizkien M-en Ezten taldea osatu zuten Kristina Solano eta Amaia Oreja, baita Alaitz eta Maider ere. Hortik eszenatoki aldera pasatu ziren, jendeak egin zien pasilloan aurrera eginez. Gonbidatuz jositako (akaso gehiegi) lehen itzulera honetan, bi ordu eta laurdeneko emanaldi frenetikoa eskaini ziguten, baita hogeita hamar kantu baino gehiago ere. “Zergatik ez” kantuarekin hasiera-hasieratik giroa pil-pilean jarri zuten. Ikusleek ia kantu gehienak kantatu eta dantzatu zituzten, lehenengotik azkenera.
DISKOGRAFIARI ERREPASO OSOA
Bere garaian argitaratu zituzten bi diskoei errepaso bete-betea eman zioten, baita lehen maketako pieza batzuk eskaini ere. Lehen lerroetako jendeak den-denak ezagutzen zituen, eta esango genuke ia areto osoak topera gozatu zuela Etzakiten itzulerako lehen saioa. Bigarren diskoko “Goiz edo noiz”-en amaieran garrasi egin zuen publikoak. Erritmo latinoekin ere dantzatu zen jendea, adibidez, “Zarena” itsaskorrarekin. Dantzak “Egina”-rekin jarraitu zuen; gaueko kantu handienetako bat izan zen, beste zenbait klasikorekin batera. Bi disko bakarrik argitaratuta hainbeste hit edukitzea meritu handia da, inondik ere.
Eferbeszentziak bere horretan iraun zuen maketako kantuekin ere. Kristina Solanorekin “Maria Iñaxi” egin zuten. Gero, Amaia Oreja ere igo zen eta taldearekin abesti mordoa interpretatu zituen kontzertuan zehar, ia-ia taldekide gisa, Solanok azpimarratu zuen bezala. “Gurekin” aho batez abestu zuten ikusleek, eta kantu horretan gaita sartzeak “anplifikatu” egin zuen soinua zein giroa. “Bizitzeko bizi”-k trikitiaren eta rockaren arteko maitasun istorioan sakondu zuen, eta akaso “Txikita”-k gorputz gehiago eman zion triki-pop sentimenduari. Kaki Arkarazo jada oholtzan zen, eta kantu mordoa jo zuen (dozena erdi, gutxienez) bere gitarrarekin, nahiz eta momentu batzuetan bere musika-tresna ez zen behar bezain garbi entzuten. Aipatutako azken kanta horretan gitarren duelu polita egin zuen Jon Mari Etzakiteko partaidearekin.
“Kondaira”-ren bultzada erabakigarria izan zen alde artistikoan, baita “Ene kuttun” rockeroa ere. Etzakiten altxor ezkuturik bada -nahiz eta kontzertuan jendearentzat kantu ezezagunik ez zela egon uste dugun-, rock kutsuko eta musikalki oso landutako pieza horiek izango dira. Arin-arinak eta fandangoak ere dantzatu zituen ia areto osoak, eta Solanoren jarrera oldarkorrak (oso motibatuta eta gogotsu) ez zuen kontzertuaren erritmoa moteltzen utzi, tartean baladak ere baziren arren. Haietako bi segidan etorri ziren: “Zu galdua” eta “Denbora”, musikalki eta melodikoki ondo landutako piezak benetan ere. Berriz martxa hartzeko, “Erre zenituzten”, Solanoren bakarkako kanturik famatuena, aukeratu zuten, abeslariak Euskal herriko sorgin guztiei eskaini ondoren hasi zena.
2000n Kanbo izan zen Gazte Topagunerako egin zuten kanta eskaini ziguten ondoren, eta segidan Kristinak eta Amaiak talde nagusiarekin M-en Ezten taldearen “104” jo zuten, eta hau ere, Xabi Solanok konposatua, biziki eskertua izan zen. Gero, Alaitz eta Maider igo ziren eta txalo zaparrada ederra jaso zuten “Ispilu aurrean” amaitu zutenean.
Ez dakigu Etzakiten itzulera honek disko berria ekarriko duen, baina lehenago jo zuten triki-pop eszenari gorazarre egiten dion abestiak, “Hankapunttetan” kantu berriak, esperantza eman die jarraitzaile sutsuenei. Azken txanpan, “Pasodoble” eta Goizueta herriari eskainitako kantuak jo ondoren erretiratu ziren. Bisetan, “Urrun izan zinen” sentibera eta, besteak beste, emanaldiari amaiera eman zion “Izar iheskorra” itsaskor eta dantzagarria etorri ziren.
GONBIDATUAK
Faltan sumatutako gonbidatuetako batzuk hurrengo kontzertuetan egongo dira ziur aski; hau da, Gozategi eta Maixa eta Ixiar. Haiek ikusteko gogoz geratu ginen arren, kontzertua apartekoa izan zen eta hurrengoak ere horrela izango diren traza du. Triki-popari gorazarre egin dion emanaldi zoragarriak balio beza mugimendu hura berriz ere hauspotzeko.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
