Zer dugu eguzkiaren alde eta kontra
Gogaitu naiz klase ertaineko gizaberetxo kaskarron bizimoduaren disekzio gupidagabea egiten duen enegarren literatura lana irakurtzeaz. Kito. Zientzia forentsearen izpiritua gorenera eramaten ari da gure prosa eta bisturia modu kirurgikoan darabil euskal idazle hainbatek, baina nik jada nahikoa dut. Horregatik, eta Santiago Alba Ricoren artikulu durduzagarri bat irakurri dudalako, “All Creatures Great and Small” telesaila ikusteari ekin diot. Telesail britainiar naif samarra da, ez ditu landa eremuko arazo estrukturalak xehe aztertzen eta badu klixe erromantikoen zama, baina aizue, hau da orain nahi eta behar dudana eta gozatzen ari naiz.
Desbideratu naiz gaur jorratu nahi nuen gaitik, ohi dudanez. Barkatu. Gauez ari naiz lerrook idazten eta, zoritxarrez, ez naiz Etsaiaken “Gaupasan” kantu hedonista bizitzen ari. Baserri bueltako iluntasunak tapa-tapa eginda naukalarik, publikoki zerbaiti buruzko iritzia era kritikoan emateko orduan baten jardun intelektualean zorroztasunak eduki beharreko molde eta sakontasuna dut gogoan. Auzia da Kontseiluak antolatutako Bilboko ekitaldiaren bueltan sare sozial batean egon zela ekitaldiari buruzko duda eta kritika sortatxoa. Umorezko iruzkin bat izan zen abiapuntu -badu beti irriak egiarekiko harreman sakon bat-, eta egon zen pizkundea bere hartan inbokatu daitekeen zalantzan jartzen zuenik -neronek-, pizkundea ekintza txiki zehatz ugarirekin lotzen duenik, ekitaldiko sortzaileen aniztasuna auzitan jarri zuenik...
Egunetara harra dut oraindik, ea ondo jokatu nuen. Ea ez zen hobe kritikak antolatzaileei modu pribatuan helaraztea. Ea kritika horiek egiteko zilegitasun autopertzibituan nire aldagaiek zenbaterainoko pisua duten -generoa, adina, bizitokia-. Eta gero, ea egoera dramatikoetan ere -euskararena hala harturik- isiltasun publikoa desiragarria edo komenigarria den, eta sare sozialak diren hitz egiteko lekua.
Ez da gai berria dakardana, baina etor dakigukeenaren aurrean pertinentea iruditu zait.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
