Ane ALAVA

Tradizioa joera bihurtuz olatu bat dabil Euskal Herrian

Nafarroako Gazte Artisten Topaketan aurkeztutako lanek agerian utzi dute Euskal Herrian sormen-olatu bat dabilela: folklorea eta mitologia inspirazio-iturri duena baina begirada garaikidekoa. Mundu globalizatuan haien lanak bereizteko estrategia izateaz aparte, euskal kulturari ekarpena egiteko proposamena ere bada.

Nafarroako Gazte Artisten Topaketa hartu zuen Uharteko Arte Garaikideko zentroak. Lehen solairuan Idoia Garderen «Arbasoen lilurak» lana eta Lander Puyoren «Maskarada» arropa bilduma ikusgai egon ziren.
Nafarroako Gazte Artisten Topaketa hartu zuen Uharteko Arte Garaikideko zentroak. Lehen solairuan Idoia Garderen «Arbasoen lilurak» lana eta Lander Puyoren «Maskarada» arropa bilduma ikusgai egon ziren. (Iñigo URIZ | FOKU)

Moda-diseinua azken joerekin, berritasunarekin eta, beraz, azkartasunarekin lotu ohi den arren, sakonagoko gaiak lantzeko modua ere bada sortzaile askorentzat: ingurumenaren zaintza, zero kilometroko moda egitea edo ondare kultural eta artisauaren balioa lantzeko modua.

Euskal Herriaren historia eta ondare kulturala berezia eta aberatsa da, nortasun handikoa. Inguruko herrialdeei begiratuta, geurea zaindu, landu eta transmititzen lan handia egin dela argi ikus daiteke. Horri esker, egungo gazte artista askorentzat inspirazio iturri da, eta aipatutako modaren bestelako funtzio horiek erreproduzitzen laguntzen du. Belaunaldi berrien proposamen gaurkotuak dira horren erakusgarri.

Azaro hasieran, Nafarroako Gazte Artisten Topaketa hartu zuen Uharteko Arte Garaikideko zentroak, eta hamaika proposamen epaimahai desberdinen eskuetatik igaro ostean, euskal kulturari estuki lotutako hainbat proiektu ikusi ahal izan genituen azken hautaketan: mahai-joko bat, dantza eta clowna nahasten zituen ikuskizuna edota moda proposamenak. Horiekin guztiekin erakusketa bat ikusgai egon zen astebetez.

Eraikineko lehen solairuan bereziki deigarriak izan ziren Idoia Garderen “Arbasoen lilurak” lana eta Lander Puyoren “Maskarada” arropa bilduma. Biek euskal tradizioa, antzinako jantziak eta kondairak dituzte erreferentzia, XXI. menderako moda eskaintza proposamena eginez.

“Arbasoen lilurak” lana emakumezkoen euskal jantzian dago oinarrituta. Garai batean egunerokoa izan zen arropa berezia da Garderentzat: egun puntualetan janzten du soilik eta amonarekin batera jositako bere lehen jantzia ere bada. Orain, soinekoak duen berezitasuna galdu gabe, egunerokotasunerako berrasmaketa bat proposatu nahi izan du, XXI. mendeko joerei lotuz. Formak, koloreak eta marrazkiak errespetatuz, oihal berri eta «modernoagoak» -bakeroak, kremailerak eta parpaila- konbinatu ditu bilduma oso bat marrazteko eta praka, zapi eta beroki bana josteko.

Puyoren lanak, aldiz, euskal mitologia, inauteriak, maskaradak eta dantza mundua izan ditu inspirazio iturri. Bere herriko, Berriozarko, dantza taldean hasi zen gaztetan eta ondoren zanpantzar ere ibili zen. Orduan maitemindu zen ardi latxaren ilearekin. Hastapenetan ilustratzaile izan nahi zuen, baina pandemia garaian oihalekin jolasten hasi zenean erabaki zuen diseinua, janzkera eta patroigintza ikastea. Madrilera joan zen horretarako, eta bere nortasunaren zutabe garrantzitsu ziren kultura, ohitura eta erreferentziak ere maletan sartu zituen. “Maskarada” bilduma bere gradu amaierako lana izan da, eta, emaitza, kamiseta, praka eta txanoz osatutako jantzia. Zanpantzar eta bestelako pertsonaietan ohikoa den artilea eta oihal bakeroa konbinatuz egin du.

MUGIMENDU BAT SORTZEN EUSKAL HERRIAN

Bi gazte hauek mahai gainean jarri dute euskal folklorearen mundua «bisualki oso boteretsua» dela eta, ideia horretatik tiraka, «identitate eraikitzaile garrantzitsua» ere badela; haien bizipenek hala erakusten dute. Bi ezaugarri horiek buruan, haien ikasketen amaierako lanen hari eroalea izatea erabaki zuten.

Beharbada, gaitasun horrek lotura izan dezake Euskal Herrian «sortzen dabilen mugimenduarekin», Garde eta Puyo ez baitira bakarrak erreferentzia hauek erabiltzen. Burura erraz etor dakizkiguke Zetak edo Neomak musika taldeak, baita “Gaua” edota “Irati” filmak, baina adibide gehiago ere badira. Bat ematearren, duela pare bat urte Gorka Larcan ile-estilista eta artista bisualak euskal mitologian oinarritutako lana aurkeztu zuen, laminak, sorginak eta bestelako pertsonaiak eredu hartuta. Berriki, Amaia Romero abeslari iruindarrak ere “Aralar” abestia kaleratu du, zeinetan basajaun eta sorginei erreferentzia egiten dien. Berriz ere euskal mitologia inspirazio-iturri.

Berriozarko gaztearen ustetan «gure kultura edo tradizio horren goraipatzea eta berreskuratzea bizi garen mundu globalean galdu ez dadin egiten dugun ariketa» izan daiteke. Sarri, ondare horri mesede egiteagatik baino, «norberaren identitatea bilatu eta adierazteko» erabili izan dela ere aitortu digu, hegemonikotik edo normatik desberdintzeko. Ideia horrekin bat egin zuen ere Eneritz Artetxe aktore eta antzerkigileak orain gutxi GARAri eskainitako elkarrizketan. Bertan azaltzen zuenez, «ez badugu sortzen euskarazko kulturarik gure imajinazioa agortu egiten da, eta, orduan, lapurtu egin beharko duzu imajinarioa espainoletik, amerikarretik edo dena delakotik».

Etorkizunera begirako ezjakintasun eta «beldurren aurrean» atzera begiratzea pertsona guztion joera da, eta, ildo horretan, jakina da krisi garaietan nobela historiko gehiago saltzen direla futuristak baino. Gainerako eskaintza artistikoetan ere hala gerta daiteke. Modaren kasuan, Gardek uste du ohiko errekurtsoa dela aurrez egindakoaren gaineko berrasmaketa proposamenak planteatzea, «modak beti itzultzen» direla dioen ideia horri erreferentzia eginez. Esaterako, berriro ere joera dira praka zabalak zein 60ko eta 80ko hamarkadetako kanpai formakoak. Are, Gardek, euskal jantzia gaurkotzeko bere ariketan, berriro indarra hartu duen estilo victoriarra -coquette bezala ezagutzen duguna-, erabili du erreferentzia gisa. Zehazki, Simone Rocha diseinatzailearen lana izan du abiapuntu. Bitxia da jantzi berri hau sortzeko antzinako bi estilo konbinatu izana.

EUSKAL HERRITIK HARATAGO

Horretxegatik, hain zuzen, pentsa daiteke fenomeno hau ez dela Euskal Herrian soilik gertatzen, eta munduko beste txoko batzuetan ere errepikatzea. Hala dio Puyok: «Portugalen edo Galizian ere musika arloan asko egiten da, baita Europa Ekialdeko herrialdeetan ere, beraz, ez dakit Euskal Herrikoa sortzen ari den mugimendua den edo beste leku batzuetatik ekarri dugun egiteko modu bat den».

Gertuko adibideetara jotzearren, Galizian Baiuka edo Tanxugueiras taldeak aurki ditzakegu; musikalki baliatzen dituzten doinu eta tresnez harago, jantzietan ere galiziar kulturaren eta tradizioaren apologia egiten dute. Modari erreparatuz, Xose Maria Rodriguez Dieguez diseinatzaile ospetsuak Idoia Garderen antzeko lana egin du galiziar jantzi tipikoarekin, arreta bereziki oihaletan jarrita. Garai batean bezala, lanerako aproposak direnak hautatu ditu, baina egun dagoen eskaintza berri eta zabalagoa aintzat hartuta. Lehen erabiltzen zen kotoiaren ordez, esaterako, arinagoa den nylona erabili du.

Gurean bezala, munduko beste puntu batzuetan ere badira adierazgarriak diren kondairak, jantziak eta pertsonaiak, gureekin uste baino zerikusi gehiago izan dezaketenak gainera. Charles Freger argazkilari frantsesak mundu zabaleko jantzi tradizional zein mitologikoak jaso ditu bilduma batean. “Wilder mann” (gizon basatia) du izena, eta bertan basajaun eta hartza bezalako pertsonaiak ageri dira; Norvegian eta Japonian ere ikus ditzakegu. Puyoren lanean eragin handiko artista da.

Noski, Euskal Herria ez da mitologia, tradizioa eta kultura oinarri proposamen artistikoak egiten dituen herri bakarra, ezta istorio liluragarri eta antzinakoak dituen bakarra ere. Segur aski, hala ere, horiekiko euskal gizarteak adierazten duen errespetuari eta transmisio lanari esker, gurean biderkatu egiten dira proposamenak eta ekimen arrakastatsuak. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun bi gazteek nabarmendu nahi izan dute giro horrek elkarlanerako aukera zabalak ere sortzen dituela, hala bizi izan baitzuten Nafarroako Gazteriaren Institutuak bultzatutako elkargunean.

Euskal Herritik kanpo bizi badira ere -Madril eta Bartzelonan, hain zuzen-, hona begira lanean jarraitzeko intentzioa dute Gardek eta Puyok; beste asko bezala, kanpora joan dira ikasi eta artista gisa garatzeko, baina etxera itzultzeko asmo osoarekin. Bitartean, haien izatearen parte den euskal kultura zabaltzen jarraituko dute munduan barrena, hori baita haien apustua eta estrategia.