Biraozale, beharrez
Aurtengo agenda estreinakoz zabaldu eta, hara! notak hartzen nago urte berriarekin batera! Tira, notez baino gehiago biraoez bete ditut lehenengo orriak, zuriunerik utzi barik! Euskaraz eskura nituen euskalki guztietako birao guztiak agortu, batzuk errepikatuta, beste batzuk idatzi ahala asmatuak, eta maileguan ere hartu behar izan ditut gehiago, gehienak arameratik hartu ere. Zin dagit! Kawen! Bai, halaxe da, aitor dut, biraozale bihurtu naiz, biraogile amorratua. Baietz ostia! Kawen! Ea zergatik den? Ze, dena esan behar dut nik ala? Ez ote duzu zuk, balizko irakurle hori, ezer ipiniko zure aldetik? Demontre!
Bada bai, badut motiboa, eta gainera arrazoia, zergatia eta zioa, dena batera! Kawen! Kristorenak esateko gogoa dabilkit barrenetik! Lastima zutabe horizontal honek karaktere muga duela! Tira, Murgoitio, harira! Buruan daukat orain, burmuina jotzen gainera, kantariak ospetsu egin zuen bertso hura «motibo bat nigana dago etorria, esplikatuko banu txit» amorragarria… Bai, Bizkaiko txerriari zuzendua zen hura, baina, ariketa modura, eman diezaiogun lekuari forma geometrikoa eta eman beste hitzari hedadura semantikoa. Zertan geratuko? Arrasto bat emango dizut, Pentagonoa da lekua eta… piztikeria dario besteari.
Total, ez dakit zertarako erakutsi zidaten geografia fisikoa katekesian, gaur ez dit ezertarako balio, ez geografia hark ez katekesiak berak. Izenak aldatu dituzte, zerrendetako mugak er… pikutara mapamundia! Hemisferioa dute hurrengoa aldatzen, Ekuatorea bera barregarri utziz. Golkoa bete petrolio! Eta mineral kritiko! Ostiko! Nota bat idatzi dut agendako bazterrean. Behinola bezala orain ere underground kultura dugu behar, New Yorkeko metro geltoki zahar batean hartu du kargua alkateak. Bada zeozer, kaka usaineko hemisferio horretan…

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
