Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

0 kilometroak lehian

Villacañas espainiar filosofoak dio kontzeptuak munduaren irudikapen landuak direla. Batzuetan, horregatik hain zuzen, izen berak munduaren ikuskera ezberdinak adierazten ahal ditu. 0 kilometroarena kasu. Bertan ekoiztutako jakiei buruz mintzatzeko erabil daiteke, esaterako, edo, esanahia zabalduz, lurralde zehatz bati lotutako politika ezaugarritzeko. Espainiar Estatuaren ezkerren harremanen eztabaidan, adibidez, 0 kilometroaren logika tokian tokiko edota indar subiranistena izanen litzateke, Estatu eskalakoen kasuan ez bezala. Extremadurako eta Aragoiko hauteskundeek, bakoitzak bere berezitasunez, logika horren indarra erakutsi dute, bereziki Chunta Aragonesistaren emaitzen bidez, eta gero eta argiagoa da joera ezberdinak atzematen direla ezker esparruetan afera honekiko hautuen arabera. Espainiar eskalako indarrak logika horretatik gero eta urrunago agertzen dira eta, beraz, erronka estrategikoei zein eguneroko beharrei erantzuteko gaitasun guttiagoz.

Bada, alta, beste 0 kilometro logika. Madrilgo Puerta del Solen ezarri zuten 0 kilometroarena da, zeinaren arabera espainiar Estatuko errepide guzien abiapuntua hor baitago. Puntu fisiko horretatik neurtzen dira distantziak eta, dakigunez, erreferente praktikoa baino askoz ere gehiago bada, Estatuaren logika erradiala islatzen eta berrekoizten duelako. Ikuskera horren arabera Madril da erdigunea eta beste guzia, periferia. Eta 0 kilometroaren logika honi jarraituz, lotura guziek, baita periferien arteko harremanek ere, Madriletik pasatu behar dute. Logika politiko oso bat, espainiar Estatu mailako politikan nagusitu dena, baita ezkerreko esparru gehienetan ere.

Izen bera duten bi logiken arteko enegarren talkan gaude. Biak ala biak formulazio esplizituetatik haratago doaz, gorpuztu direlako diskurtso, praxi eta nortasun politikoetan. Baina bada, talka honetan, irabazten ari den tendentzia bat, eta ez da Madrilgo Puerta del Solekoa, M-15 mugimenduaren epizentroa han kokatu bazen ere, edo, agian, horregatik...