Juan Rulfo, kamamila zelaiaren erdian
Tomas Segovia poetak Juan Rulforekin hartu-emana omen zuen iragan mendeko 50eko hamarkadan, eta Rio Nazaseko bere apartamentu txikian bisitatu zuen behin. Ez zen giro bertan, Clara Aparacio, Rulforen emaztea, gogor ari zelako borrokan senarra alkoholaren atzaparretatik askatzeko. Gezurtxoa han eta engainua hemen, sarritan erregistratzen omen zuen etxea botila klandestino bila. Alabaina, ahaleginak ahalegin, noizean behin Rulfo mozkor-mozkor eginda topatzen zuen, hura kalera atera gabea zen arren. Emakumea desesperatu egiten zen, zer gertatzen ari zen asmatu nahian, jabetu zen arte nola egiten zuen: gaineko apartamentuan bizi zen Pedro Coronel margolaria eta Rulfori, hau komunean ateko morrokoa itxita bakarrik geratzen zenean, soka batetik lotutako alkohol botila pasatzen zion. Kolpetik edan ostean soka berak igotzen omen zuen botila hutsa.
1962an utzi zion Rulfok alkohola edateari. Urte gutxi batzuk geroago irudikatu Europa erdialdeko hotel bateko taberna adabakiz josia. Lokalak nekez eusten dio behialako handitasunari eta garbi dagoen arren nabari da eskifaiak ezin dezakeela ontziaren gainbehera gelditu. Bi lagunek topo egin dute idazle konferentzia batean: bata, Onetti, idazle uruguaitarra; bestea, Rulfo. Biek elkar agurtu ostean tabernako barran jesarri dira, elkarren ondoko aulki altu banatan. Onettik whiski edalontzia du eskuetan; Rulfok, Coca Cola. Batak besteari hitzik egin gabe igaroko dituzte hurrengo hiruzpalau orduak, gustura asko.
Rulfok aipatzen zuen hirutan irakurri beharra zegoela gutxienez “Pedro Paramo”. Gurean batek baino gehiagok ikusi du Artedrama eta Axut konpainien “Nor naizen baneki” antzezlana birritan, obra handia baita, detailez betea. Ni kamamila zelaiaren sinbolismoari bueltaka ari nintzaion Berrizko trenbide ertzean, duela bi larunbat, ingurukoak seme-alaben eta gurasoen arteko harremanaz ari zirenean.
Hezurrek hitz egiten dutenean artea loratzen da gure tristuran. Zein garrantzitsua den hildakoen bakea.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
