Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BERGERS

Uko egitearen ausardia

Emaitzek baino asmoek indar handiagoa duten drama honetan, Mathyas Montrealgo publizitate agentzia bateko exekutibo gaztearen istorioa kontatzen zaigu. Hiriko bizimodua atzean utzi, eta Frantziako Alpeetara joatea erabakiko du, artzain bihurtzeko asmoz, bere bizitzari zentzua eman nahian.

Distantziak salbu, eta guztiz bestelako tonu eta ikuspegiak izan arren, “Into the Wild” eta “Nomadland” filmen antzeko gaiak jorratzen ditu; hala ere, horiekin alderatuta, film honek erritmo pausatuagoa eta egitura narratibo intimistagoa ditu.

Sophie Deraspe zuzendariak errealismo dokumentala eta lirismo poetikoa uztartzen ditu kontakizunean, artzain bizitza idealizatzetik urrun. Artzain bihurtzeko hautua ez da ihesaldi erromantiko hutsa; kontsumismoari eta gizarte modernoaren itxaropen normatiboei uko egiteko ekintza ia politiko bihurtzen dela esan daiteke.

Landa bizitzaren erretratu xehe eta zintzoa oparitzen du filmak. Deraspek ez ditu saihesten lanaren gogortasuna, burokrazia, ezta erronka klimatiko eta ekonomikoak ere; alderdi horiek guztiak protagonistaren idealismoarekin talka egiten dute.

Vincent Gonnevilleren argazkilaritza lana aipagarria da. Alpeetako paisaien handitasuna eta artzain lanen egunerokotasuna edertasun eta zehaztasun handiz jasotzen ditu.

Hala ere, aipatu beharra dago zenbait pasartetan filmak atzerapausoak ematen dituela eta errepikapenean erortzen dela. Aurretik landutako ideietara itzultzen da, eta erritmoa moteldu eta tentsio dramatikoa ahultzen da.

Erritmoa eta egitura narratiboa apur bat gorabeheratsuak izan arren, garai modernoetan egiazkotasunaren bilaketari, uko egitearen balioari eta funtsezkoarekiko loturari buruzko hausnarketa zintzoa da.