Isilpeko kontraesanen soinua

Edozer, klasez aldatzeagatik» dio “Altas capacidades” filmaren kartelaren azpitituluak. Izan ere, seme-alabak ordainpeko ikastetxe elitista batera eramateko erabakiaren atzean arrazoi ugari pilatzen dira: “Esan digute adimen gaitasun handiko umea dela, eta horregatik aldatu dugu ikastolaz; hobeto prestatuta daude” bezalako esaldiak maiz entzuten dira. Baina hitzen azpian, gurasoen beldurrak, segurtasun ezak eta kontraesanak ezkutatzen dira sarri.
Garcia Leonek umore deserosoaren hari mehea hartu, eta hari horrekin josi du film osoa, gurasoen nahi, frustrazio eta kontraesanen tapiz konplexua osatzeko. Borja Cobeagarekin batera idatzitako gidoiak zehaztasunez eta ironiaz marrazten du gure garaiko ispilu apurtuetako bat.
Alicia eta Gonzalo bikotea dira protagonistak. Beren semea, Fer, eliteko ikastetxe laiko batean matrikulatzeko aukera dute. Semeagatik egiten dutela diote, baina printzipio moralen eta nahi ezkutuen arteko talkan, bikotearen desioak nagusitzen dira, aukera horrek goi klaseko mundurako atea ireki dezakeelako.
Premisa hori aitzakia hartuta, filmak gaur egungo hezkuntza arrakastaren, klasismoaren eta gizarte igoeraren inguruko obsesioaren satira proposatzen du. Gurasoek beren itzalak seme-alaben gainera nola proiektatzen dituzten erakusten du, samurtasunetik baino gehiago egia mingarritik gertuago dagoen begirada batekin.
Formalki, filmak ez du berrikuntza handirik eskaintzen; itxura apal eta laua du, eta musikak apenas du presentziarik. Baina, hain zuzen ere, itxurazko sinpletasunean aurkitzen du bere indarra: tonua eta pertsonaiak zehaztasunez zizelkatuz.
Ikuslearen begian atzamarra sartzen duen komedia satirikoa da, irribarrea ezpainetan izoztu eta barruan zerbait mugiarazten duen horietakoa.

Genozidioa eta gerra arbuiatu zuten donostian

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»

Palantir y el evangelio del nuevo poder tecnológico

Xabier Sánchez Erauskin, periodista comprometido y muchísimo más
