Argiaren itzalean dantzan ari den herri baten lekuko
Gaur egungo euskal dantza, bere egoera eta azken 60 urteetako bilakaera ezin daitezke ulertu Argia taldea gabe. San Telmo Museoa ibilbide horren lekuko bihurtu da ekainaren 21era arte.

Marian Arregiren eta Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean 60ko hamarkadatik gaurdaino Argia dantza taldeak egindako lanak dantzaren geografia zabaldu du, koreografia, dantzakera, pauso, doinu, erritmo edo jantzi berriak dantza taldeen errepertorioari eta euskaldunon imajinarioari gehituz. Herriz herri egindako landa lanak betiko galtzear zeuden hainbat dantza, doinu zein janzkera ahanzturatik erreskatatu zituen eta agertokietan azaldu, ondoren herrira itzultzeko.
Argia San Telmo Museoaren babesean sortu zen, elkarlanean, taldeari egoitza eta ikerketarako museoko materialak eskainiz. Museora Jorge Oteiza, Ez Dok Amairuko partaideak eta, oro har, 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal kulturaren biziberritzearen sustatzaileak gerturatzen ziren. Hala, taldearen entseguak ideia berrien laborategi bilakatu ziren. Laborategi hartan landutakoak, euskal dantzaren ekosistema eraldatu eta biziberritu zuen guztiz, gaurdaino.
«Guk gaur egungo euskaldun bezala dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baina, horretarako, lehenengo, gure dantza zaharrak aztertu eta ikertu nahi ditugu». Hitz horiekin laburbildu zuen Juan Antonio Urbeltzek hurrengo urteetan Argiak gauzatuko zuen lanaren zioa, hau da, iturrietara jotzea, 1966an Rikardo Arregik “Zeruko Argia” aldizkarirako egindako elkarrizketan.
Ibilbide hori museora itzuli da atzo zabaldu zen “Argiaren itzala. San Telmo Museoa, dantza laborategia” erakusketari esker. Donostiako San Telmo Museoak eta Argia dantza taldeak elkarlanean sortua, Ikerfolkekin batera egin dituzten ekoizpen lanak eta Argiaren bilakaera ditu ardatz. Euskal dantzaren azken hirurogei urteetako bilakaera ulertzeko giltzarriak diren testuingurua, irudiak, doinuak eta jantziak biltzen ditu.
Erakusketak sarrera bat eta bi gune nagusi ditu, arkupea eta plaza. Ikusgai jarri diren piezen artean, taldearen funtsetako dantzarako tresnak, arropak eta garaiko irudien artxibo handia daude. Museoak bere bildumako hamabost bat pieza jarri ditu, tartean Dario de Regoyosen margolan bat, XVIII. mendeko egurrezko kutxa baten aurrealde landua eta hainbat grabatu eta akuarela. Horrez gainera, Koldo Mitxelena Kulturuneko eta Udal Liburutegi Nagusiko maileguak eta artxibo partikularretatik etorritako piezak biltzen ditu erakusketak.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

«No es conflictividad, es conciencia de clase, trabajar y vivir en Aiaraldea»

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»
