Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MATERNAL INSTINCT

Errealitateak fikzioa gainditu du berriro

Maternal Instinct” obra deseroso, aztoragarri eta ikusteko zaila da. Lehen minutuetan AEBn hain ohikoak diren polizia-jazarpen sekuentzia horietako batera garamatza, errepide bazter batean auto bat geldiarazten duen kontrol batera. Auto barruan emakume gazte bat doa, eta poliziak atxilotzen duenean, besoetan daraman jaioberria eta arropetan ageri diren odol arrastoak bereak ez direla ohartuko da. Hala ere, emakumeak dio berriki erditu dela eta ospitaletik atera berri dela, senarraren bila dabilelako. 2020an, Texasko errepide baten ertzean egindako polizia-kontrol horrek, ikerketa kriminal aztoragarri baten ateak ireki zituen.

Egoera sinestezin horretatik abiatuta, lanak atzera egiten du denboran, eta, gertatutakoa xehetasunez azaltzeaz gain, Taylor Parker izeneko emakume hori nor den argitzen du. Gertakariak berreraikitzeaz gain, gezurraren eta engainuaren mekanismoak eta ingurukoen prozesua ere azaleratzen ditu.

Texaseko herri txiki hartako ezagun eta senideen testigantzen bidez berreraikitzen dira gertaerak, eta ikuspegi horrek komunitate baten harridura eta inpotentzia sentsazioa transmititzen du. Eguneroko bizitzaren lasaitasunaren azpian ezkutatzen zen egia iluna pixkanaka agerian geratzen da, eta horrek areagotu egiten du istorioaren berezko gogortasuna.

Azken urteotako true crime askoren estetika eta egitura erabiltzen ditu: artxibo-irudiak eta testigantzak. Ez da bereziki berritzailea egitura aldetik, baina ondo baliatzen ditu eskura dituen baliabideak. Horrela, ikuslea aho zabalik uzten duen istorio baten barrura eramaten du. Errealitateak fikzioa gainditu du berriz.