Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Astean astekoa

Ama, ama! Astea gero! Zin dagit, oraingoan zukutu egin ditut nire egunkari biak, paperean zukutu ere! Horra kasuko, Euskal Sukaldaritza Berriak 50 urte egin dituela eta horri gorazarre egin gurarik, hara!, liburua platerera! Dudarik ez daukat atzokoa jasota dagoela liburuan, baina dudarik badaukat gaurkoaz. Ez dakit, baina, afari solidarioenak zer leku hartu duen liburuan, argazkiak barne, eta niretzat hori inportantea da biharko sukaldaritza zelakoa izan daitekeen aurreikusteko. Izan ere, afariek badute lekua euskaldunon kulturan, batzuetan goizean egiten badira ere.

Gaupasaz nagoela Zinemaldia etorri zait burura. Izan ere, ikusi berria daukat bideo bat non Lekeitioko Antzara Egunaren osteko goizean kale bazterretan &dle;-eta erdietan- zabaldutako era askotako zaborra eta zakarra ikusgai den, glamour handiz, hitzik gabe, musika gozo zirraragarria entzungai... Kale-garbitzaileek ekoitzitako bideoa da. Zinemaldirako aproposa, “Bestelako Biodibertsitatea” edo halako sekzioren bat balego sikiera. Poetak idatzi bezala, «ez gara hain onak benetan».

Eta kantuez ari naizela, Pisako dorrearen hura ere pasa zait burutik. Nonbait gure hezkuntza sistema etzana da, oker dago, baina, harekin konparatuta, dudatan nago ni eutsiko ote dion denborari. Kontuak atera, hizkuntza sistema! Hainbeste eredu eta gero “nork-nori-zer” horretan zero! Ama, ama! Irakurtzeko gaitasunean txarto! Baina hori ez da berria! Gernikako Estatutua adibide! Batzuek ulertu ez haren testua!

Eta Ajuriaeneko maizterra «errondan dabil, berak badaki nondik...». Agian berak bai, baina besteek? Komunikatzeko gaitasunean txarto. Aurreko guztia aski ez, eta aste honetan hipokrisiaren alarde eguneratua kostako herri horretan. Batzuek soinketa arazo handia dute, bizkarra beti bizkar! Tradizio halakoak!