Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Azkar eta zuzen, bietan jarrai

Bilbora A-8 autobidean 60 kilometro ordutik beherako abiaduran joaterik ez dago. Eta norabidea bezain inportantea da abiadura. Autopista hartuta, norabidea eta abiadura eskuz esku, pack berean datoz. Politikan erabilgarri, balekotzat dut ideia, egungo bidean eragozpen eta blokeoak gainditzeko lagungarri. Ez dut bide politikoa beti presaka, patxadarik gabe egin behar denik esaten; beti daude guardia zibilen kontrolak, istripuak, oztopoak; jakina ez dagoela beti 120 kilometro orduko abiaduran joaterik, jakina noiz edo noiz autobidetik ere atera beharko dela mendi pistetan barna bidea egiteko, eta jakina etorriko direla aurrerago autobidea berriz hartu eta azeleragailua topera sakatu beharreko uneak.

Autobidea ireki zuen ezker abertzaleak estrategia eta paradigma berriak erabaki eta martxan jartzean. Askatasuna irabazi zuen, zirkunstantziek eskatzen duten bezainbat moduz gauzagarria eta ongi taxuturikoa zen estrategia baten askatasuna. Autobidea irekitzean, baina, norabidea bezain inportante egin zuen abiaduraren faktorea. Azkarregi joan gabe, objektiboki, erabaki propioz, gauzak azkar egitearen komenentzia.

Zenbait erabaki hartu eta urratsak egin beharra bai ala bai etorriko dela badakigu. Presoak askatzeko bidean, adibidez. Keinuak egitetik harago eta beste batzuek biktimekin egiten dutena presoekin egin gabe betiere. Izan ere, Kolektiboa politikoki baldintzatzea xede duen eragile bihurtzeko asmorik gabe, argi dago urrats zehatzak egin behar dituztela preso eta preso ohiek, biktimen alorrean esaterako. Eta zenbat eta beranduago egin, orduan eta okerrago, behartuta eta bortxaz egitearen itzal handiagoa.

Gai oro printzipio egiteko joera ere kezkagarria da. Dena printzipio. Hainbeste printzipio ideologiko izateak, azkar eta suelto bidea egiten lagundu baino, immobilismoaren hormara grapatzen du ezker abertzalea. Zertarako hartu, adibidez, zaintza partekatuaren gaineko erabaki ideologiko bat? Bakarra? Zaintza diot, zabor bilketa sistema ala dena delakoa ez esatearren.

Bi printzipio, sendo errotuak, argi konpartituak, txanpon bereko bi aurpegi, ez ote dira aski? Bietan jarrai, azkar eta zuzen autobidean joateko, bi hanka horien gainean hobe, askoz hobe.