GARA IRUÑEA
Udate | Larragoa

Abentura familian

Euskal Herrian zehar 19 eremu babestu daude eta beste horrenbeste paraje natural interesgarri. Inguru horiek ezagutzeko modu guztietako planak proposatuko ditugu udara osoan zehar Bizibizikiko txoko honetan. Gure birikak oxigenoz betetzeko eta naturak gu xarmatzeko aukera aprobetxatuko dugu bisita, ibilaldi eta ekintza bakoitzean. Jantzi itzazu mendiko botak, zentzumenak zorroztu, zuretzat hautatu ditugun planek txoko ikusgarriak ezagutzeko eta esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera zabalduko dizute.

Astero argitaratuko den artikulu sail honi hasiera emateko, natura eta abentura batzen dituen egun osoko plan bat proposatzen dizugu uda partean familian egiteko oso aproposa dena. Nafarroako Larragoa herrian kokatzen den Urbasa Abentura aisialdi gunean egun-pasa atsegin eta dibertigarri bat igarotzea ziurtatua dago, giro lasai eta gertuko zerbitzuarekin. Urbasa mendilerroaren oinetan, Ameskoa ibarretan (Lizarra inguruan) Urederra ibaiaren jaiotokitik hamar minutura kokatzen da lekua. Gasteiztik 45 kilometrora eta Bilbotik eta Donostiatik 100 kilometrora.

Bertara iristeko, bi bide gomendatzen ditugu. Batetik, Gasteiz nahiz Gipuzkoa aldetik, A-1 autobidea utzi eta Agurain herritik Opakuako mendatera eramaten duen errepidea (A-2128) hartu behar da. Igoera guztian zehar Urbasa mendilerroaren paisaia eta ikuspegi ederrez gozatzeko aukera egongo da Larragoa herrira iritsi arte. Bestetik, Lizarratik abiatuta A-718 errepidea hartu behar da, zuzenean Larragoara iristen dena eta Zudairi edota Eulate herriak zeharkatzen dituena, besteak beste.

Larragoa 112 biztanle baino ez dauzkan herria da. Aipagarri dira XII. mendeko jatorri erromanikoko San Kristobal eliza (XVI. mendean zaharberritua), XVIII. mendeko Andre Maria Zuriaren ermita eta XVI-XVIII mende bitarteko etxe armarridunak. Erdigunetik gorantz doan La Blanca kale aldapatsutik berehala egiten dugu topo Urbasa Abentura aisialdi gunearekin. Harrera puntuan, abenturazko ekintza aukera zabalari buruzko informazio guztia egoteaz gain, bisitariak inguruko produktu natural eta artisau-lan ezberdinak erosteko aukera izango du.

Gaurkoan Bizibizikitik proposatzen dugun egun-pasa plan honetan, mendi ibilaldi batekin hastea gomendatzen dugu. Urbasa Abenturako arduradunek ibilbide desberdinei buruzko informazioa eta argibideak atsegin handiz emango dituzte momentuan. Adin eta gogo guztietara moldatu daitezkeen ibilbide eta paseo erraz ugari daude inguruetan. Zelai berde, baso magiko, pagadi eder, harkaitz ezkutu... Urbasako mendateak gordetzen dituen altxorrak ezagutu ahal izango dituzue, zuen kabuz edota Urbasa Abenturako gida espezializatuen laguntzarekin.

Eguerdia baino lehen astirik badago, oso gomendagarria da «Kristauen leizea» bisitatzea. Larragoako San Benitoko elizatik Larramendikoarroko atakara daraman pista hartu eta ondoren eskuinaldera doan xendatik kobazulora iritsiko gara. Barrunbe karstiko honek oso sarbide erraza dauka eta barrualdean formazio geologiko anitz ikus daitezke, baita laku bat ere. Bisita hau zortzi urtetik aurrerako umeekin egitea gomendatzen da.

Bazkalordua iritsi eta familia osoak gustura bazkaltzeko leku ezin hobea aurki dezakezu Urbasa Abenturako piknik-gunean. Egurrezko mahaiak itzalpean eta barbakoa egiteko zenbait parrilla ere eskuragarri daude bisitarientzat. Gainera, harrera gunean taberna zerbitzua ere eskaintzen dute.

Abentura parkea

Indarberritu ondoren, arratsalde partean, kirola eta abentura nahasten dituen ekintza burutzeko txanda izango da. Urbasa Abentura multiabenturako parkea Ilargi eta Eguzki izeneko bi haitzen artean eraikita dago, armiarma sare erraldoi baten modukoa osatuz. Abenturazko kirol diziplina desberdinak ezagutzeko eta probatzeko modu bikaina da ume zein helduentzat, guztiek baitute parte hartzeko aukera bertan. Abentura esperientzia berrietarako eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar.

Zubi tibetarrak, pasagune esekiak, eskalada murru txikiak, eskalatzeko via ferrata-k, tirolinak eta bestelako erronkak gainditu beharko dira, egurrezko egitura sendoak zeharkatzearekin batera. Hiru ibilbide desberdin egin daitezke, adinaren eta gaitasunaren arabera. Baina denek ala denek eskainiko dute aukera paregabea familiako kide guztien ausardia eta abilezia neurtzeko, inguru berri eta bizigarri batean. Esan beharrik ez dago segurtasuna guztiz bermatua dagoela ekintza osoan zehar. www.bibibiziki.com

Datu praktikoak

Kokapena

Nafarroako Larragoa herria, Ameskoa ibarretan (Lizarra inguruan), Urederra ibaiaren jaiotokitik hamar minutura.

Ezaugarriak

Giro lasaia eta gertuko zerbitzua. Abenturazko ekintza aukera zabala. Adin eta gogo guztietara moldatu daitezkeen ibilbide eta paseo erraz ugari.