ANARTZ BILBAO
Getxoko Jazz Jaialdia

Ur handitako jazz parrastada

Negu girora bueltatu zen atzo Getxo Jazz, eta kanpoan euria barra-barra zela lainopean ireki zuen jarduna herenegun, talde lehiaketan, Liya Grigoryan armeniar pianistaren hirukoteak; lirikotasun handiz ezin aproposago gero jasoko genuen abangoardiako parrastadarako: Jack Dejohnette!

 Ur handitako jazz parrastada
Ur handitako jazz parrastada

Jaialdiaren irekieran Natalia Dicentak jazz estandarrak eman bazizkigun, Jack Dejohnettek ere egin zituen batzuk –80 minutuko kontzertuan sei-zazpi  kanta baino ez–, baina herenegundamuko zuzenekoa piszinako bainu arin bat baino izan ez zen bitartean, ostegunean ur sakonen freskuran murgildu gintuen bateria jotzailearen hirukoteak; itsasoko korronte aldakorren kontra akitu gintuen, eta enbatatik, ahalegin handiak eginda, gogo-eraberriturik atera ginen.

Izan ere, arrain handia da Jack Dejohnette. Chicagon 1942an jaioa, jazz fusioaren aitzindari eta egungo jazzman ameslarienetakotzat hartua, 60ko hamarkada hasieran Miles Davisen taldean jo izan zuen, eta 80ko hamarkada hasieratik Keith Jarret-en hirukote ospetsuko kidea da –Gary Peacock baxu jotzailearekin batera–; jasan behar izan dituen bi piztitzar baino ez aipatzearren. Getxoko emanaldian baina, bera zen taldeburu, musikari gazteagoz osatutako hirukote ez hain klasikoan: bost sokako baxu elektrikoan eta hipnosi ariketak egiten, Matt Garrison, Jimmy zenaren semea; saxo tenor eta sopranoei txinpartak eragiten, Ravi Coltrane, John erraldoiaren semea.

John Coltraneren taldekidea izan zen Jimmy Garrison, eta orain semeekin bezala, bere garaian aitekin lan egindakoa dugu DeJohnette. Eskarmentu handiko musikaria izan arren, kostatu zitzaion bateria jotzaile zaharrari gazteen martxari jarraitzea, emanaldiak aurrera egin ahala gero eta hobeto sumatu genuen arren. Coltranek eta Garrisonek, beren aldetik, ez dute abizenaren zama daramaten itxurarik, nortasun propioa duten musikari galantak dira. Hiruren arteko komunikazioa bikaina izan zen Getxon, aise zihoan zuzenekoa.

Belaunaldi ezberdinetako zalez aretoa kasik betea zela –ohi baino publiko gazteagoa (apur bat) eta jakin-min itzela Biotz Alai plazan–, hirukoteak ohi duenez “Atmosphere” aproposarekin arreta piztu eta ireki zuen jazz gau gogorra –proposamen ezberdina izanda, ez dute “Sound Travels” Dejohnetten azken laneko doinurik ematen–; eta maisuak omendu zituzten jarraian, Wayne Shorter-en “Footprints” –sarri jotzen ei du bateria jotzaileak– eta John Coltraneren beraren “Spiral” joz. Aipatu kantuak baina, abiapuntu baino ez dira, hiru musikariak lurrera lotuko dituen aingura, atzera eta aurrerako garapen luzeetan erritmoak aldatu, melodiak desitxuratu eta hirukoteak gora eta behera egingo du-eta; Ravi Coltrane ezin dotoreagoak batez ere.

“Seventh D” jo eta gero, Lee Morganen “Sidewinder” ematen zuen kantarekin bukatu aurretik eman zigun, Dejohnettek, gaueko sorpresatxoa eta unerik gogoangarriena. Goi mailako musikariak zer diren, bateria utzita aspaldiko lagun Davis tronpetariaren “Blue in Green” zoragarri jo zuen... pianoan!

Emanaldi birtuosoa bukatu eta goizeko ordu bata eta erdien bueltan, 72 urte betetzear den musikariak mezua argitaratu zuen Twitter eta Facebook-en: «Gaur gauean Getxon JDJ hirukoteak sorkuntza eta kohesio maila berriak lortu ditu. Ravi eta Matthew benetan ‘on fire’ (bero-bero, sutan) ziren, baita entzuleria ere! Milesker». Bost minutura, bi aipamen eta 25 «Atsegin dut» lortuak zituen ohartxoak.

Musikariak pozik beraz, eta jazz zalea ase. Ordurako bagenekien Diego El Cigala-ren igandeko emanaldiak sarrera guztiak agortuak zituela, eta atzo jakin genuen gainerakoek ere, Hiromi eta Michel Camilo pianistenak, bide beretik egin dutela. Zorionak beraz antolakuntzari; aurtengo egitaraua pobre samarra begitandu zaion bateren bat ezagutu dugun arren, zalea jazz gosez da antza. Pozten gara.