Idoia ERASO

ELA eta LABen babesa jaso du Kaskaroteneak

ELA sindikatuko kideak Kaskarotenea ikastolari babes ekonomiko eta presentziala ematera hurbildu ziren atzo Ziburura. LABek hezkuntza zentroari eginiko erasoaren aitzinean, elkartasuna agertzera dei egin dio euskal gizarteari. Bitartean, Seaskako kideak Herriko Etxearen erantzunaren zain segitzen dute, urriaren 3an egin zituzten hiru proposamenen ondoren.

ELAko Adolfo Txiki Muñoz, Leire Txakartegi eta Xabi Irastorza Lapurdiko ikastolan izan ziren atzo. «Babesa ematera etorri gara, gure presentziarekin, baita babes ekonomikoa ere», esan zuen Muñozek. Aldi berean, afiliatu guztiei Kaskaroteneak bizi duen egoerari buruzko informazioa zabaldu diete.

LAB sindikatuak agiri bidez nabarmendu du Pierre-Andre Durand prefetaren eta Guy Poulou auzapezaren «jokaera itxiaren aitzinean» gizarte osoaren elkartasuna beharrezkoa dela. Dei zabala egin du sindikatu abertzaleak «bakoitzak ahal duen neurrian» lagun dezan.

Seaskak Herriko Etxearekin izan zuen bilkuran hainbat erakunderen oniritzia jaso zuen proposamen berri bat egin zuen, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Bestalde, atzo Porrotxek «jolasak, dantzak eta muxuak» eskaini zituen Kaskarotenearen alde Donostiako Doka kafe antzokian.