Pilarika egunez
Guardia zibila ez da inoiz, «jamás», Euskal Herritik joango. Horrelaxe esan zuen Guardia Zibilaren festaren karietara Estatu Segurtasunerako idazkariak.
Espainiar arrazaren egun gisa izendatu zuten hau hispanitatearen egun bihurtu zen gerora; gaur Espainiako Festa nazionala deitzen diote. Izenak izen, ordea, bai atzo eta bai gaur, nazio espainiar ez diren beste nazioekiko herra agerikoa da Francoren testamentu politikoa bizirik mantendu nahi dutenengan. Eta horrela, Intxaurrondon egindako alarde militarrean errelatoaren beste orrialde bat idatzita utzi dute. Guardia Zibilaren historia sufrimenduzko historia da, baina gauza guztien gainetik garaipen baten historia, terroristen aurkako garaipena, izan dela ekarri zuten gogora bertan. Gerra aurreko nazionalkatolizismoa patriotismo konstituzional bilakaturik, frankismoari herdoila kendu eta modu «demokratikoan», hau da, legearen izenean, besteoi beraien demokratikotasun tolerantea ezartzea dute xede betidanik.
Hartara, batzuek Festa nazionala beraien indar armatuen apologia eginez ospatu bazuten, patriotismo konstituzional honen ideologiaren bueltan dabiltzan beste batzuek demokrata izateko definizio berriak erakutsi dizkigute duela gutxi. Orain demokrata izatea eta erabakitzeko eskubidea defendatzea ez dira bateragarriak, Mendiaren ustez. Boza ematea demokratikoa da, Borjarentzat, baina legea errespetatu ezean ezin da ariketa hori egin. Eta legetik kanpo, berriz, ez dago demokraziarik Maneirorentzat.
Canovas del Castillo harro egongo litzateke beraiekin.
Finean, gerra galdu izana da gure akatsa. Txillardegi gogora ekarriz, gerra galtzen duenak ez baitu inoiz arrazoirik izaten. Arrazoia garailearen pribilegioa da. Eta garaileak erakutsi beharra dauka bere giharra, bere indarra. Arrazoia indarraren sinonimoa baita. Cisneros kardinalaren «nire eskubideak hauek dira» (hots, kanoiak) eta Guardia Zibil, armada zein bestelako indar armatuen legea ere horixe baita, indarrarena.
Egungo patriotismo konstituzionala hispanitateari lotua da eta hispanitatea behialako arraza egunarekin. Zilbor-heste berak lotzen ditu herra adierazteko modu ezberdinak. Gerra irabazi zuten eta indarrez erdietsitako garaipena arrazoi bilakatu; arrazoi honek ezartzen du legea eta legeak eskubideak ematen ditu, hitz lauz esanda, Cisnerosen kanoiak ematen ditu.
Ez garela demokratak esango digute gero guri.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
