Maider IANTZI
ZIENTZIA | Zientzia@gara.net

Ahoskera landu, ereduak garatu eta euskaraz kontent bizitzeko

Ahoskera ez da lantzen, gauzak berez doaz. Garaiz gaude bide bat ala bertzea hartzeko, hiztunen esku dago. Baina «laissez faire» honekin segitzen badugu, ez dakigu nora joanen diren hizkuntzaren soinu eta melodiak, beharbada gaztelaniara edo frantsesera zuzenean, Leioako Irakasle Eskolan aditzen den bezala. Behar horretatik sortu da EHUko Eudia Euskararen Bariazioa Aztertzeko Ikerketa Taldeko kideen proposamena.

Eudia taldeko kideek, irakasle bezala, ikasleen aitzinean jartzen direnean ahoskeraren inguruan zerbait irakatsi behar dutela ikusten dute. Horretarako, arauak behar dituzte eta gauza batzuk egin badira ere, hutsune nabarmena topatzen dute hor. Gabezia horri erantzuteko bidea ireki nahi izan dute. «Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika» liburua proiektu zabalago baten parte da, bidea urratzeko lehen urratsa.

Gotzon Aurrekoetxeak, Aintzane Etxebarriak, Iñaki Gamindek, Urtza Garayk eta Asier Romerok osatzen dute lantaldea. Azken hirurekin elkartu gara elkarrizketa egiteko eta, azalpenak ongi ulertzeko, kontzeptuak argituz hasi gara. Euskara batua eta estandarra bi gauza direla esplikatu dute: batua Euskaltzaindiarena da, bere zeregina da eta berak ematen ditu arauak. Suposatzen da zabalagoa dela estandarra baino. Ikertzaileok diotenez, euskara estandarra ez da euskara batu horren azpiatal bat baino. «Estandarra da hiztunok hartakotzat daukaguna, hedabideetan, irakasleen artean... hartzen den eredu bat». Eredu hori da, hain zuzen, liburuan jaso dutena.

«Kasu honetan, Euskaltzaindiak zer dioen niri neroni ez dit ardura handirik, eurek euren erritmoak dauzkate eta gizarteak beste batzuk -adierazi du Iñaki Gamindek-. Ni bihar goizean jarri behar banaiz ikasleen aurrean, bihar goizean jarri behar naiz zer edo zer koherentea esateko». Hor dute arazoa eta estandar hori ikertu dute hiztunen ikuspuntutik. Eta euren harridurarako konturatu dira leku gehienetan edo guztietan badagoela batasun moduko bat ez ahoskera osoan baina bai prosodian.

Ahoskera da nola ahoskatu behar diren gauzak. Hagitz gauza zabala da eta bi alderdi ditu: soinuei dagokiena (nola egin «s», «tz», zer gertatzen den elkartzean... Horretaz folio eta erdi erabaki du Euskaltzaindiak) eta hizkuntzaren melodia. Imajinatu kanta bat, alde batetik letra dago eta bestetik melodia, soinuen gainetik dauden alde fonikoak. Horrek prosodia izena du. Bere barruan sartzen dira azentua, intonazioa, eta nola espresatzen ditugun linguistikoak ez diren kontu batzuk: emozioak, jarrerak, botere erlazioak, inposizio mailak...

Munduko azentu guztiak ditugu

Ikerlariek definitu dutenez, azentua hitz mailako propietate bat da. Silaben artean bat gailentzen da. Euskara tradizionalean 16 molde desberdin ezagutzen dira. Kasik munduko hizkuntzetan dauden eredu guztiak dauzkagu Euskal Herrian: Goizuetako azentua suedieraren modukoa da, Bizkaiko iparraldekoa Tokiokoaren modukoa, Azkoitian eta Azpeitian inon topatzen ez den eredu bat dugu... Ez dago horiek batzerik, baina estandarrean, hiztunok beste molde bat sortu dugu eta nahiko batuta dago. Entzuten den hiztegi batean jaso dute. Interneten dago denen eskura (Bostakbat.org/azkue/).

Bariazioa aztertzen ari dira prosodian jende gaztearekin, Euskal Herri osoan. Hiru talde nagusi banatu dituzte: etxean barietate tradizional bat jaso dutenak; euskaraz eskolaren bidez jabetu direnak; eta etxeko euskaldunak direnak baina guraso biak euskaldun berriak dituztenak. Antzeko arau gramatikalak ikusi dituzte denetan.

Urtza Garayk esplikatu duenez, liburuan arau horiek lantzeko ariketa batzuk proposatu dituzte. Jolas tradizional batzuk moldatu dituzte, beti era dinamiko batean, ikaslea izateko protagonista eta irakaslea eredu. Zuzendu beharreko gauza aunitz daudela ikusten du Gamindek, baina bere esanetan, akatsik garrantzitsuena da ez dagoela honen kontzientziarik. Euskaldunak burumakur ikusten ditu: «Beti gaude begira, lehen Eliza zen, orain Euskaltzaindia, eta bihar auskalo, baina hizkuntza gure zeregina da», esan du. Bere ustez, irakasleen esku dago ikasleei hitz egiteko era aunitz daudela erakustea. Gero eurek erabakiko dute zein hartu.

«Neuk be egiten dotzut hola gure dotelako, bizkaitarra naz», adierazi digu. Ikasle eta irakasleei errezeta itxiak baino bideak eskaintzearen aldekoa da, euren ereduak garatzeko eta batez ere euskaraz pozik egiteko.

Hizkuntza bizimoduarekin doa garatzen, beharrizanen arabera. «Adibidez, zaharrek 800 txori izen jakingo zituzten, baina nik ez ditut behar, hiru txori klase ikusten ditut Txurdinagako parkean. Munduaren erreferentziak ere ez dira berdinak lehen eta orain». Gazteek berriak sortuko dituzte. «Izan dadila euskaraz, hori da gure kezka. Hainbeste arau eta molde zurrun ez dugu uste mesedegarriak direnik euskararentzat», baieztatu dute hirurek aho batez.

«Baztanen, Gipuzkoako leku batzuetan, Ondarroan... gazteak arauak hausten eta euren ereduak berreskuratzen hasi dira, eta gero eta itxiago egiten dute. Batzuek, nire edadekoek beti ere, kondenatu egiten dute hori. Bada, nik ederto ikusten dut. Norbere hizkuntzan pozik sentitzeko modu bat da», aldarrikatu du Iñaki Gamindek.

«Beldur eta lotsa barik erabili euskara, batez ere lotsa barik, niretzat hori da», gaineratu du Urtza Garayk. Bere iritziz, irakasleak eredua eman eta ikasleak entzun behar ditu, beren ereduak errespetatzeko.

Gaminderen aburuz, justu eskoletan gertatzen denaren kontrakoa da. Eredu bakar bat inposatzen da gela barrurako, jantokirako, patiorako eta autobuserako, baina ez du denerako balio. Horregatik, ikasle gehienek erdaraz egiten dute beren artean, nahiz eta karrera euskaraz ematen duten. «Ez da kontzientzia arazoa. Ez dakite eredu batetik bestera aldatzen, ez dietelako irakatsi».

«Oso inportantea da hori, ez dira desberdintzen eremu curricularra eta ez curricularra», azpimarratu du Asier Romerok.

Bizkaian, leku askotan orain neskek «tz» egiten dute (tzarra...) eta mutilek «tx» (pentxatxen). Ondarroako neska batzuek dena «z» egiten dute, baina ez euskal «z» (zagu). Ikertzaileon ustez, genero identitatearekin lotutako fenomeno fonologiko horiek zoragarriak dira euskararentzat. Normalizazioaren seinale da. Adina, ikasketa maila, klase soziala eta ogibidea (baserritarra edo arrantzalea, adibidez) dira ahoskera markatzen duten bertze aldagai batzuk.

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, hizkuntzak bizirauteko norbanakoaren identitatearen parte izan behar du bizitzako eremu guztietan, eta horretarako, halako desberdintasunak onak dira, gureak direlako eta gu goazelako erabakitzen.