Buruko mina
Sare sozialek ez dute dena egiten, ez eginen, herritarren engaiamendua eta agerpena agintarien eta gobernuen buruko mina izanen dira oraindik luzaz!
Bi emazte hil zituen gizonak bere buruaz beste egin du presondegian. Bi arazo nagusi gure gizartean; heriotzaraino eramaten duen emazteen kontrako bortizkeria, eta heriotzara eramaten duen presondegietako egoera. Oso epe laburrean hain lasaia ematen duen gizarte honetan, jende askok oporretarako hautatzen duen inguruan, tragedia itzelak ezagutu ditugu. Gertakari horiek ez dute prentsan isla luzerik izan, ez dute manifestaldi erraldoirik ekarri Baionako karriketan, alta, gure inguruan gertatutakoak dira.
Zerk eragiten du gizartea gertakari baten aurrean oldartzea? Ezintasunaren eraginez ez gara ateratzen karrikara? Alegia, arazo pertsonalak egoera berezi hutsek sortzen dituztela, hori uste al dugu? Baionan iragan zen manifestaldiak herritarren emozioak bideratzen badakiela, behintzat, komunikabide nagusiek frogatu ziguten. Kasu honetan, Melissa eta Annie, bi emazteen hilketen ondotik, oihartzuna mugatua izan da, ez ditugu hautetsiak ikusi ateratzen hauteskunde bezpera honetan. Ez du botorik ekartzen arduradun politikoak ez ateratzeak emazte bat hiltzen delarik. Ez bagara ateratzen, plazaratzen ez bada, gertakaririk ez dagoela ematen du. Hau da funtsean agintariei gehien gustatzen zaiena, gu ateratzea soilik haiek erabakitzen dutelarik. Erraten digutelarik zein den arazoa eta zein ez den. Hau bai dela boterea, karrikaren boterea, karrikaren okupatzea neurtutako interesen alde.
Frederik Aranburuk 25 urte daramatza preso, Estatuak ez du inongo intentziorik mugitzeko; alderantziz sinestarazi nahi digute egiten ditugun elkarretaratze xumeekin, ez baitira jendetsuak, presoen eskubideak trabatzen ditugula. Hau baita une honetan dagoen gatazka, gatazka ideologikoa, Gobernuaren eta indar abertzaleen artekoa. Karrikatik presoak desagertzen badira, Gobernuarentzat arazorik ez da gelditzen, desagertzen gara, hau da, bikaina! Agintariak ederki bakean biziko dira. Argentinako Maiatzeko Plazako Amek horrela pentsatu izan balute, oso bestelako emaitzak jasoko zituzten. Sare sozialek ez dute dena egiten, ez eginen, herritarren engaiamendua eta agerpena agintarien eta gobernuen buruko mina izanen dira oraindik luzaz!
Korrika badator! Aste honetako gertakari erraldoiak euskaltzale asko eta asko bilduko ditu gure bazterretan. Bide franko gelditzen zaigu herri honen euskalduntzeko, Euskal Herriko haur guztiei euskaraz erakusteko, ikastolak irekitzeko eta euskaraz bizitzeko. Urepeletik Bilborako deiadarra gurea, denena da.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

Ataque a gran escala de EEUU e Israel contra Irán para asaltar el poder
