NAIZ.INFO
Durango

Independentistak: «Eta guk, beste aldera begiratu behar al dugu?»

‘Nahi dugulako/beharrezkoa dugulako, guk ere BAI independentziari’ lelopean, Independentistak Sareak Durangoko kaleetan manifestazioa burutu du ehunka herritarrekin batera. Eskozia eta Kataluniaren egoerak kontutan izanda, Euskal Herriak beste aldera begiratu behar al duen galdetu dute.

Independentistak Sarearen manifestazioa, Durangon. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Independentistak Sarearen manifestazioa, Durangon. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Indepentziaranzko bidea aldarri dute Durangoko kaleetan ehunka lagunek. Independentistak Sareak deituta, ‘Nahi dugulako/beharrezkoa dugulako, guk ere BAI independentzia’ lelopean, arratsaldeko 17.00ak inguruan abiatu da mobilizazioa Landakotik.

Jendetza batu da Durangon, ikurrinak, zapi berdeak eta esteladak koloreztatutako manifestazioan.

Sarearen aburuz, abenduaren 6a «Kontstituzio espainola ospatzeko inposatzen diguten eguna da, gure eskubideak ukatuz. Argi daukagu independentzia dela Euskal Herriarentza aukerarik onena, independentziarekin guztia izango dugulako irabazteko eta ezer gutxi galtzeko».

Manifestazioaren amaieran, Txutxi Ariznabarretak alderdi politikoei deia egin die eta 2014rako Euskal Herriaren independentziaranzko pausoak emateko eskatu. Datorren urtean Eskoziak erreferenduma egingo du eta Katalunian ere «pausoak espero dira», esan du. Horren aurrean, «beste aldera begiratu behar al dugu guk?», galdetu du.

Egunean zehar hainbat ekimen burutu dituzte manifestazioaz gain. 10.30ean diana izan da txistulari, trikitilari eta albokariekin Durangoko kaleetan zehar. 12.00etan ‘Eskozia, independentziara bidaia XXI.mendeko Europan’ liburua aurkeztu dute, GARArekin batera editatutakoa, eta 15.30ean DJ Bullen emanaldia izan da Landakon manifestazio aurreko giroa berotzeko.