Naiz.info
Belfast

Sei euskal txirrindulari izango dira gaur Belfasten, Italiako Giroko irteera puntuan

Mikel Landa, Koldo Fernandez de Larrea, Igor Anton, Jonathan Castroviejo, Romain Sicard eta Gorka Izagirre urteko lehenengo froga nagusienetakoan izango dira. Italiako Giroko irteera puntuan izango dira gaur, Belfasten. [NAIZen wegune berezian, Giroari buruzko informazio osoa]

Mikel Landa, pasa den apirilean Ordizian, Euskal Herriko Itzulian. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)
Mikel Landa, pasa den apirilean Ordizian, Euskal Herriko Itzulian. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)

Euskal txirrindularitzak sei ordezkari izango ditu aurtengo Giroan. Gaur Belfasten emango zaio hasiera Italiako itzuliari eta erlojupeko lehian izango dira Mikel Landa, Koldo Fernandez de Larrea, Igor Anton, Jonathan Castroviejo, Romain Sicard eta Gorka Izagirre.

Mikel Landa Astana taldearekin izango da Giroan. Azken hiru denboraldiak Euskaltel-Euskadirekin egin ondoren, lehenengoa du aurtengoa Kazakhstango taldearekin. Trentinoko itzulian etapa bat irabazi berri du txirrindulari gasteiztarrak.

Koldo Fernandez de Larrea, bere aldetik, Garmin taldearekin ariko da Italiako itzulian. Hirugarren denboraldia du aurtengoa arabarrak Garminen.

Igor Anton, Jonathan Castroviejo eta Gorka Izagirre, azkenik, Movistar taldearekin ariko dira lehian. Giroa irabazteko faboritoen artean dagoen Nairo Quintana txirrindulari kolonbiarra izango dute buru. Antonentzat eta Izagirrerentzat lehenengo denboraldia izango da Movistarren, Euskaltel-Euskadiren desagerketaren ondoren sinatu baitzuten Eusebio Unzueren taldearekin. Igor Anton 2011n Giroan etapa bat irabazitakoa da.

Castroviejok, bestalde, hirugarren denboraldia du aurten Movistarren, eta Romain Sicarden kasuan, Euskaltel-Euskadi utzi eta gero Europcar taldearekin izango da Giroan.

Mendiko etapak nagusi

Giroaren lehenengo hiru jardunaldiak Irlandan egingo ditu tropelak, maiatzaren 9tik 11ra, eta hilaren 13an lasterketa berrabiaraziko da Giovinazzon.

Igotzaileentzat aproposak izan daitezkeen lehen maldatzarrak zortzigarren jardunaldian iritsiko dira, Montecopioloko igoerarekin. Eta gogortasuna are nabariagoa izango da hurrengo egunean Sestolako gainean. Bigarren mailako mendatea izan arren, 1.528 metrotara aurkitzen da eta %5,7ko desnibela du zenbait tokitan.

14. etapan Bielmonte (2) eta Oropa (1) izango dituzte aurrez aurre. Hurrengo egunean, profil nahiko laua izango dute txirrindulariek, azken kilometroetan Montecampioneko paretara iritsi arte. 16.ean hiru igoera nagusi: Ponte di Lengo (1), Stelvio Stilfserjoch (berezia) eta Val Martello Martelltal.

Trantsizio etapa baten ondotik mendira itzuliko da tropela 18. jardunaldian, Passo San Pellegrino(1) eta Panarottako (1) igoerekin.

19. etapan Dolomitetan ariko dira txirrindulariak Grappako mendatean. Hurrengo jardunaldian, Zoncolanen gora amaituko da etapa. Hura amaituta, Giroko azken jardunaldiari ekingo dio tropelak, Gemona eta Trieste artean.