Haizeola Legazpin, duela mila urte bezala
Ia mila urte dira Legazpiko azkeneko haizeolak desagertu zirela. Ipar Euskal Herrian, Kristoren aurreko III. mendeko haizeolen arrastoak aurkituak dituzte. Ondoren etorri ziren ibaietako urez mugitutako olak, Agorregikoa edo Mirandaolakoa kasu, eta gero labe modernoak.
Bada Legazpin historian hamar mende atzera egin dute eta berriro piztu dute haizeola asteburuan, bertako Burdinola eta Nafarroa Behereko Argitxu Beyrie eta Eric Kammenthaler arkeologoen eskutik. Hamairu orduko prozesua izan da larunbatean, goizeko hamarretatik gaueko hamaikak artekoa. Aurreko egunetan buztinezko labea eraikia zuten Telleriarte auzoan, eta zapatu goizeko aurreneko lana haren barruan sua piztea izan da. Barruan lortutako tenperatura neurtzeko gailua ezarri dio Eric-ek, eta handik aurrera egur ikatza eta burdin mea botatzea izan da lana.
Guztira 40 bat kilo mea eta 150 kilo ikatz erabili dituzte gaurkoan. Prozesu luzea da, eta etengabeko arreta eskatzen duena. Burdin mea erre egin dute aurrena, gero mailuz txikitu, eta ondoren labera sartzen joan dira, ordubeteko tarteetan, ikatzarekin nahastuz. Azkenean, gaueko hamaiketan hiru burdin ago eder atera dituzte labetik, bildutakoen txalo artean. Zati horiei imana gerturatu eta gogor asko erakarri dute elkar. Eric eta Argitxuren seme txiki Manex ere lanean aritu da egun osoan gurasoekin.
Legazpiko haizeola Nafarroa Behereko Larla mendiko ereduari jarraituz egin da. Kristo aurreko III. mendean 50 bat metal lantegi ireki ziren mendi hegaletan, siderita eta goethita meategietatik hurbil. Legazpin ere antzeko burdinolak izango zirela uste dute Burdinolako adituek, haien egitura zehatza oraindik ezagutzen ez bada ere. 124 zepadi edo metal lantegien aztarnak aurkitu dira Goierriko herri honetan. Beyrie eta Kammenthaler aspaldidanik ari dira haizeolak ikertzen, eta iparraldean dagoeneko hamairu egin dituzte.
Burdina ateratzeko erredukzio prozesua erabili dute haizeolan. Burdin mea eta erregaia -haritz edo arte ikatza- labearen goiko aldetik sartzen da, eta barruan burdin partikulak haien artean elkartzen joaten dira, agoa zatiak osatuz. Horrelako hiru agoa atera dira Legazpin. Igandean berriro errepikatu dute prozesua, baina oraingoan aldaketa batekin: labea aterik gabekoa egin dute, horrek tiroan zer eragin daukan ikusteko. Poliki poliki, badirudi duela mila urteko euskaldunek burdina nola lortzen jakingo dugula Argitxu eta Eric-i esker.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
Buscan a una joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
