NAIZ
BILBO

Ken Zazpik diska berria aurkeztu du, ‘Phoenicoperus’

Ken Zazpi talde gernikarrak bere bederatzigarren lana aurkeztu du. ‘Phoenicoperus’ izenpean, hamar abesti berri plazaratu ditu, zeintzuk Higain estudioan izan diren grabatuak, Ricky Falkner ekoizlearen gidaritzapean.

Ken Zazpi taldeak ‘Phoenicoperus’ lan berria aurkeztu du Bilbon. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Ken Zazpi taldeak ‘Phoenicoperus’ lan berria aurkeztu du Bilbon. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

‘Phoenicoperus’ izenpean bere lan berria aurkeztu du Ken Zazpik. Talde gernikarrak duela bi urte argitaratu zuen azken diska, zein Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatu zuen, eta orain bueltan da hamar abesti berrirekin.

«Gure inguruan gertatzen diren krisialdiek, pertsonalak zein gizartearenak izan, izua sortzen diguten arren, garaiak itxi eta, adore berrituaz, aro berriak zabaltzeko balio izaten dutela diote. Bizitza, musika bezala, etengabeko birjaiotzea da», azaldu dute.

Eta ideia honetatik abiatuta egin nahi izan dute bere bere lan berria, bederatzigarrena ia 20 urtetan. «Dena errautsetara doa, maitasuna, askatasuna eta heriotza izan ezik, konstante unibertsal hauek beti ari baitira birsortzen pertsonaren gogo-bihotzean, bere urratsen gidari bilakatzeko», gehitu dute ohar baten bidez.

Azaldu dutenez, «osos taldearena den pop-rock-sikodeliaren» ildotik jarraitu dute. Eta horretarako Ricky Falkner ekoizlearen lana nabarmendu dute.