NAIZ

EIPK-k Manu Azkarateren espainiaratzea salatu du

Manu Azkaraten espainiaratze eta espetxeratzea salatu du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak. EIPKren iritziz, gatazka konpontzeko bidean, «ezinbestekoa» da preso eta iheslariak etxeratzea, eta hau «atzera urrats bat» da.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Manu Azkarateren espainiaratzea «fermuki» salatu du ohar baten bidez. «Gatazkaren ondorioak gainditze bidean preso eta iheslariak etxeratzea ezinbestekoa da eta zentzu horretan atzerako urrats bat da», adierazi dute.

Gogora ekarri dute Azkaratek eritasun larri bat pairatzen duela, eta espetxean ezin dela ongi tratatu. «Osasun arazo edo egoera larrian bizi diren iheslarien etxeratzea eta bizitza duina eramateko neurriak hartzea urgentziazko betekizuna da», nabarmendu dute.

Honen aurrean, euskal jendarteari dei egin diote zentzu honetan mobilizatzera. Era berean, jendarteari eta agintari politikoei gaixo dauden iheslarien zerrenda «aztertu» eta «egoera konpontzeko» eskatu diete, baita «bazterketa egoeran dauden iheslarien duintasuna ziurtatzeko neurriak» hartzea. Modu honetan, «iheslari guztien etxeratzean» laguntzea ere defendatu dute.