NAIZ
GASTEIZ

Garoñaren aferan CSNren «obskurantismoa» salatu du Ramiro Gonzalezek Bruselan

Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek, Garoñako zentral nuklearra behin betiko itxi eta eraitsi dezatela aldarrikatu du Europako Parlamentuan. Afera honen inguruan Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak darabilen «obskurantismoa» ere salatu du.

Europako Parlamentuan izan da Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia.
Europako Parlamentuan izan da Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia.

Gardentasun Nuklearraren Behatokiak gonbidatuta, Bruselan izan da Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi arabarra, zentral nuklearren eraistearen inguruan Europako Parlamentuan egin den bilkura batean parte hartzeko.

Garoña berri irekitzeko dagoen aukera eta horren aurrean Arabako erakundeek daukaten iritzia azaldu nahi izan du Gonzalezek. CSNren «obskurantismoa» salatzeaz gain, segurtasun nuklearrari buruzko zuzentarauak ere betetzen ez direla azpimarratu du.

Zehazki, segurtasun nuklearrari buruzko 2009 eta 2014ko Euratom zuzentarauak aipatu ditu. Horien arabera, estatuek segurtasun nuklearraren gaineko informazio nahikoa eman behar diete herritarrei eta arlo horretan baimenak emateko orduan herritarren parte-hartzea bermatu behar da.

Hala, Ramiro Gonzalezek salatu du Segurtasun Nazionaleko Kontseilua «modu obskurantistan» jokatzen ari dela, ez duelako inolako argibiderik eman, eta Arabak, zentralak zuzenean eragiten baitie hango herritarrei, ez duela inolako aukerarik izan erabakian parte hartzeko.

«Ni buru nauen gobernuak ez du inoiz sarbiderik izan zentral nuklear honen jarduna luzatzeari buruzko informaziora. Hortaz, Europako zuzentarauak nabarmen ez betetzeari buruz ari gara. Gardentasuna aldarrikatzen dugu Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren eztabaidetan. Ez baita egon», baieztatu du.

Halaber, ahaldun nagusiak gogorarazi du zentralaren inguruko 70 kilometroko erradioan milioi eta erdi pertsona bizi direla eta Garoña Gasteiztik 40 kilometrora dagoela. Horrez gain, azaldu du 2011. urtean bukatu zirela zentralaren bizitza baliagarriaren 40 urteak eta Garoñak Estatuko energia ekoizpenari egiten zion ekarpena, itxi zutenean, %1ekoa zela.

«Istripu nukelarra baldin badago, behar bezala atera ezingo diren 330.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen ditut. Horixe da nire erantzukizunik handiena», esan du Gonzalezek, Garoña zentral «arriskutsua» dela gaineratuz.

EAEko ia erakunde eta alderdi politiko guztiek zentrala eraitsi dezatela aldarrikatu dutela ere nabarmendu du ahaldun nagusiak.

Faktore guztiak aintzat hartuta, «itzulerarik gabeko arrisku» baten aurrean «prebentzio printzipioa» defendatu du Ramiro Gonzalezek eta, hortaz, argi aldarrikatu du «premia dagoela Garoñako zentral nuklearra behin betiko itxi eta eraisteko».