Txikon eta Larrañaga apustu handiari ekiteko prest eta gogoz daude
Iritsi da ordua, Alex Txikon eta Mikel Larrañaga bihar arratsaldean Azpeitiko zezen-plazan neurtuko dira. Harri-jasotzen, aizkoran eta korrikan egingo dute. Gipuzkoarrak bi enborreko abantaila emango dio bizkaitarrari eta bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu.

Alex Txikon eta Mikel Larrañaga bihar arratsaldean neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan, 19.00etatik aurrera. Aurretik ez dute lan makala izango; izan ere, hasteko 100 kiloko zilindro zaharra 20 aldiz berdindu beharko dute bizkarrean. Jarraian 10 kana-erdiko ebakiko ditu Txikonek, eta bi gehiago Larrañagak, eta azkenik, bakoitzak 7,5 kilometro egin beharko ditu korrikan. Enborrak Txikonek plazaratuko ditu, baina azpeitiarrak bi enbor gehiago ebaki behar dituenez, horiek Larrañagak berak aukeratuko ditu. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu.
Apustuari begira egin duten prestakuntzarekin gustura daude bi kirolariak. «Entrenamenduetan oso gustura aritu naiz. Korrikan ez nintzen orain arte ibilia eta kosta egin zitzaidan hasieran, baina azkenerako nahiko ongi jarri naiz. Harri-jasotzen ere ibili gabea nintzen, baina mutil handia naizenez, nahiko ongi moldatu naiz horretara ere», esan du Mikel Larrañagak.
Azpeitiarrak garbi dauka gakoa aizkoran egongo dela. «Harri-jasotzen ez dago miraririk, hor ezin da tarterik atera; beraz aizkoran egongo da gakoa. Garbi daukat enbor bateko aldea kendu behar diodala. Niri komeni zait bera korrikan hasterako itzuli batzuk emanda egotea, bestela zaila, oso zaila izango da nik apustua irabazi ahal izatea», adierazi du Mikelek.
Aizkorako lana ez da handia, baina bi enborreko aldea ematen dio Txikoni, eta hori, askoren ustez, handiegia omen da lan horretarako. «Batek baino gehiagok esan dit hori, baina orain ez dago damutzerik, egina dago eta aurrera, ez dago atzera bueltarik. Nire helburua amaieran aizkoran aldea ateratzea izango da, korrikan nire aukerak izateko», esan du Mikelek.
Aldeak alde, adituen ustez, Larrañaga izango da faborito, baina gipuzkoarra ez dago horrekin kezkatuta. «Ez dakit zenbaten faborito izango naizen. Jendeak alde handia eman diodala ere esaten du eta ikusiko dugu. Nik nirea egin behar dut. Nire asmoa da entrenamenduetako lan bera egitea, hori egin eta irabazten ez badut, bestea hobea izan delako izango da».
Ikusmina sortu dela dio aizkolari azpeitiarrak. «Zalaparta dezente dago Azpeiti alde honetan. Askok esaten didate, kalean, joan behar dutela ikustera. Jendea izango delakoan nago», esan du. Larunbaterako, gainera, eguraldi freskoa iragarria dago, eta hori ere komeni zaiela dio gipuzkoarrak. «Aurreko asteko beroa oso txarra izango litzateke guretzat. Freskoa esan dute eta hori ona da. Euria ere izango ez ote den diote, eta hori agian ez litzateke ona izango, batez ere korrikakoan lokatza sor daitekeelako», aitortu du. Larrañaga etxean arituko da, eta ondorioz aldeko jende asko izango da bera animatzeko. Lehen ere apustu bat jokatuta dago azpeitiarra, Eneko Otañoren aurka, eta hura ere Azpeitian jokatu zuen, eta orduko hura irabazi egin zuen. Oraingoan ere errepikatzea espero du.
Oso gustura
Alex Txikon ere oso gustura ageri da. Orain arteko bi apustuak, Zubizarretaren aurka eta Otaegiren aurka jokatutakoak galdu egin ditu, baina hirugarrengoan garaipena lortzeko itxaropena du. «Berak ni baino hogei kilo gehiago ditu, eta hori harri-jasotzen eta aizkoran nabarituko da, baina nik ere Himalaiatik itzuli nintzenez geroztik kilo batzuk hartu ditut, eta segur aski Otaegiren aurka jokatu nuenean baino hobeto nago orain», aitortu du kirolari bizkaitarrak. «Entrenamendu oso onak egin ditut, eta alde horretatik oso gustura nago. Nik ere izango ditut nire aukerak eta oso itxaropentsu nago», gaineratu du.
Bere ustetan ere aizkoran egongo da gakoa. «Garbi dago aizkoran egongo dela gakoa. Ni korrikan bera baino gehiago izan arren, aizkoran ikaragarrizko aldea ateratzen baldin badit, hor ez dut aukerarik izango. Nik eusten saiatu behar dut. Hasi eta berehala ematen didan aldea jaten baldin badit, ez dut aukerarik izango, eta korrika saiora apustua irabazteko aukerekin iritsi nahi dut; hori izango da garaipena lortzeko aukera bakarra», dio Alexek. «Badakit irabazteko dena eman beharko dudala. Berak aizkoran ikaragarri ongi egiten du; ez da ahaztu behar Euskal Herriko onenetakoa dela, eta korrikan ere jendeak uste duena baino gehiago egingo du, eta ondorioz garaipena lortzeko dudan guztia eman beharko dut», erantsi du Txikonek.
Bere inguruan ere giroa badagoela aitortu du Alexek: «Nire lagun eta ingurukoak joango dira eta hor bai ikusten dela badela desafioa ikustera joateko gogoa. Herriko giroari buruz ez dakit gehiegi, ez naiz eta kalean asko ibiltzen. Entrenamenduekin oso zentratuta nago. Azpeiti aldean bai, badago giroa, eta uste dut jendeak erantzun ona emango duela».
Norgehiagoka hau zuzenean ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 3.000 sarreratik gora jarri dituzte apustu honetarako salgai. 30 euroan dira horiek eta oraindik aurrez erosi nahi dituenak ere horretarako aukera izango du Azpeitiko Landeta eta Mendizabal erretegietan eta Bilboko Mendata Berria jatetxean. Bizkaiko hiriburutik autobusez etorri nahi dutenek ere badute aukera; 40 euroren truke, autobus bidaia eta sarrera.

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete
